
Ibilaldiaren abesti lehiaketaren irabazlea jakinarazteko ekitaldia
Abenduan jakinarazi zuten Jon Urriolabeitia arratzuarrak irabazi zuela 2014ko Ibilaldiaren kanta lehiaketa, baina orduko hartan ez zuten abestiaren inguruko zehaztapenik eman.
Eguenean, aldiz, abestia bera aurkeztuko du Ibilaldia Elkarteak.
Bilbon egingo du kanta aurkezteko agerraldian. Barikuan, bestalde,
Gernika-Lumon bertan jendarteratuko du kanta.
19:00etan hasiko da ekitaldia, Astran. Etxetik kanpo dauden ikasle ohien agurrekin abiaraziko dute, eta ondoren Ross dantza taldearen ikuskizuna izango da. LH6ko ikasleen antzezlan bat taularatu ostean aurkeztuko du kanta.
Urriolabeitiak sortu du abestia, baina zenbait musikariren laguntza izan du soinu tresna desberdinak jotzeko; besteak beste, Gorka Leon, Jose Urruela eta Antton Uriarte musikariena. Arratzuarrak nabarmendu duenez, “abesti oso alaia da; dantzan egiteko oso aproposa“, eta jendearen gustukoa izango dela deritzo. “Ska, reggea eta rock doinuak uztartzen ditu 2014ko Ibilaldiko abestiak“.