Eusko Jaurlaritzak lehiaketara atera du Bermeoko arrain lonja handitzeko egitasmoa. Hasiera batean otsailaren 25eko 12:00ak arte zuten interesatuek beraien idatziak aurkezteko aukera; hala ere, martxoaren 19ra arte luzatu du Jaurlaritzak epea. Horretarako, Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailera (Gasteizen) jo beharko dute.

Ana Oregi eta Almudena Ruiz de Angulo, Bermeoko saregile eta neskatilekin. Argazkilaria: Irekia
Kontratuaren aurrekontua 150.000 eurokoa da, eta burutzeko epealdia hogei astekoa da. Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendariak azaldu duenez, “Bermeoko beharrizanek beharrezkoa egiten dute egungo eraikinaren birmoldaketa”. Hain zuzen, gaur egun lonja hondatuta dagoela azaldu du, “zoladura zahartuta eta arrakalatuta” dagoela gaineratuta. Gainera, kanpokaldean pilatzen diren plastikozko tinek argi uzten dutela leku falta dagoela dio. Halaber, lonjaren klimatizazioa eta isolamendua ere beharrezkotzat jotzen ditu Ruiz de Angulok; izan ere, “gaur egunean giro-tenperaturan egiten da behar, eta horrek ez du arrainaren goreneko kontserbazioa bermatzen”. Bestalde, lonja iraunkor bat proposatu beharko litzatekela uste du Azpiegituretako zuzendariak, “energia barriztagarrien sistema baten bitartez, kontsumo aarrazoizkoena lortzeko”.
Neurri horiez gain, eraikuntza barri batzuk ere beharrezkoak direla deritzo Jaurlaritzak, “ahal dela, egungo lonjaren gehigarri legez”. Hala, eraikuntza barri horiek kutxentzako eta tinentzako biltegi bana, izotz fabrika barri bat eta saregile eta neskatilentzako instalazioa bilduko lukete.
Lehiaketaren inguruko iformazio gehiago nahi duenak 945 01 98 26 telefonora deitu beharko du, edota
contratacion.maptap@ej-gv.es helbide elektronikora idatzi.