2014rako lan ildo nagusien berri eman du Lea-Artibaiko eta Busturialdeko LABek
http://youtu.be/wRYDmDLc8eg
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Sindikatuak Gernika-Lumoko egoitzan egindako agerraldian eman du lan ildo nagusien berri. Aitziber Barandikak, Jon Inaki Alkortak eta Ramon Garaizarrek egin dute berba agerraldian, Euskal Herriarentzat eredu propio bat aldarrikatuz. Izan ere, Espainiaren eredu kapitalistari jarraituz, “pobreak pobreago eta aberatsak aberatsako” bihurtuko liratekela deritzo sindikatuak.
Barandikaren berbetan, norabide propioa hartuz gero, “langabezia, pobrezia eta prekaritatea” suntsitzeko aukera izango luke euskal jendarteak. “Aldaketa fasean gaude, eta gure alde baliatu behar dugu egoera”, esan du. Hala egin ezean, aldaketa okerrerako izango dela deritzo sindikatu abertzaleak.
Estatuak botere ekonomikoaren mesedetan lanean ari direla esan du Barandikak. Hala, Egoerari buelta emateko, sindikatuak bi norabidetan egingo du lan 2014an. Alde batetik, enpresetan negoziaketa kolektiboaren eta ekintza sindikalaren alde egingo du LABek. Bestetik, herritarren artean ere eztabaida sustatu nahi dute, eta, horretarako, Karta Soziala garatzen ari da sindikatua gainontzeko euskal eragileekin.
Lan ildo nagusiak horiek izango dira, baina herritarrak kalera ateratzea ere ezinbestekoa izango dela dio LABek. Alde horretatik, eskualdeko herritarrei lan eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die Barandikak, bi zita nabarmenduk.
Alde batetik Martxoaren 3a ekarri du gogora. Egun horretan, ekonomia arloko batzar garrantzitsu bat egingo dute Bilbon.Besteak beste, Fondo Monetarioko zuzendariak, Joaquin Almunia Espainiako Ekonomia ministroak, Mariano Rajoik eta Iñigo Urkulluk parte hartuko dute. Hala, egun horretarako eragile desberdinek antolatutako protestetan parte hartzeko deia egin du sindikatuak.
Bestalde, martxoan ere, duintasun martxa bat egingo dute Madrilen. Barandikak dioenez, “gaur egungo ereduaren kontra dauden eragile guztiok parte hartuko dugu martxa horretan”. Euskal Herrian ere Duintasun martxa egingo dutela esan du sindikatuko ordezkariak.
Negoziaketa kolektiboa
Alkortak jakinarazi duenez, negoziaketa kolektiboa beti izan da tresna oso garrantzitsua euskal langileentzat, horien eskubideak berma zitezen lortzen baitzuen. Herrialde zein enpresa mailan, eskubideak blindatzeko aukera ematen du negoziaketa kolektiboak, kapitalari kontra egiteko tresna bat bihurtuz.
Azken urteetako lan erreformek, baina, negoziaketa kolektiboa deuseztatu nahi dute Alkortaren berbetan. Hala, “negoziaketa kolektiboa gaur egun ezagutzen dugun bezala, desagertu egin da”. Sindikatu abertzaleko kideak azaldu duenez, kapitalak eta gobernuek mahai gainean jarri dituzte negoziaketa kolektiboa suntsitzeko tresnak. Hortaz, azken hiruzpalau urteetan, esaterako, eskubideen galera handia pairatu dute langileek.
Negoziaketa kolektiboa suntsitzeak arazo gehiago ekarriko dituela uste du Alkortak. Haren berbetan, “hau da kapitalismoak bultzatzen eta patronalak defendatzen duen eredua”. Sindikatuko kideak nabarmendu duenez, “egoera zailean gaude, baina ez dugu guztia galdu”. Horregatik, presioa egiteko deia egin du, Euskal Herriak Madriletik aldentzeko aukera izan dezan. Horrela, eredu propioa bat sortzeko aukera izango luke euskal jendartea. “Herri bezala erantzun behar dugu, indarrak metatuz eta borroka eginez”.
Karta Soziala
Ramon Garaizarrek euskal gehiengo sindikalak eta sozialak bultzatutako Karta Soziala izan du berbagai. Garaizarrek nabarmendu duenez, LAB 2008tik ari da eredu aldaketa bat eskatzen, eta Karta Soziala “beste pauso bat” da.
Enpresetan borroka egiteagaz batera, eztabaida kelara ateratzeko beharrizana ikusi du LABek. Hala, Karta Soziala helburu hori betetzeko tresna oso aproposa dela deritzo Garaizarrek. Izan ere, Karta Sozialak enpresetatik kanpo gelditzen diren eragileak ere hartuko ditu kontuan.
Sindikatu abertzaleko kidearen berbetan, “euskal herritarrok erabaki behar dugu nolako eredu ekonomiko eta soziala nahi dugun”. Hala, behin eztabaida fasea pasata, euskal erakundeei Karta Sozialaren berri emango diete, eredua berria aldarrikatuz.
Eredu berria prestatzeko herri mailako asanbladak antolatzen ari da LAB. Hala, herriz-herri batuko dituzte Karta Soziala garatzeko proposamenak.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.