
‘Lorquianas’ antzezlaneko lau pertsonaiak
Asteburu honetan ere antzerkiak ez du hutsik egingo Gernika-Lumora. Oraingoan, Federico Garcia Lorcak asmatutako lau pertsonaia oinarri dituen ikuskizuna dakar zapatuak Elai-Alai aretora:
Lorquianas. Monologoa izanik, Itziar Lazkano aktorea baino ez da izango oholtza gainean, baina Iñaki Maruri pianistaren laguntza edukiko du.
Doña Rosita, Bernarda, Yerma eta Mariana dira ikuskizuneko lau pertsonaiak. Bakoitzaren egoera pertsonala oso desberdina da, baina, badago bat egiten dituen zerbait: laurek ikusten dute euren burua erabaki bat hartzera behartuta. Hala, Doña Rositak duintasunaren edo bakardadearen artean aukeratu behar du; Bernardak, maitasunaren eta boterearen artean; Yermak, fideltasunaren eta amatasunaren artean; eta Marianak, askatasunaren eta heriotzaren artean.
Domekan, bestalde, umeei zuzendutako
Ahatetxo itsusia antzezlana egongo da ikusgai. Hans Christian Andersenen ipuinean oinarritutako lana da Glu-Gluk dakarrena, baina edukia eguneratu egin du, “protagonistaren barreneko edertasunaren bilaketa bidaian murgiltzeko”. Bat beharrean, gainera, bi saio izango dira domekan: 12:00etan eta 17:00etan.
Lorquianas:
- Zapatuan, 20:00etan, Elai-Alai aretoan.
Ahatetxo itsusia:
- Domekan, 12:00etan eta 17:00etan, Lizeo Antzokian.