
Euskal Herriko Mus Txapelketa
Euskal Herriko VI. Mus Txapelketako herrialdeko finalak jokatuko dira asteburu honetan. Busturialdeko sailkatuek Bilboko alde zaharrean dagoen Akerrenea elkartean jokatuko dute bihar, 15:30ean. Mundakan Kañon eta Baza sailkatu ziren, eta Bermeon Alberto Arrien eta Jon Ander Erauskin. Herrialdekako kanporaketetan sailkatzen direnak martxoaren 8an Heletan izango den final nagusian jokatuko dute. Asteburu honetako kanporaketan 32 bikote baino ez dira sailkatuko Heletako finalera.
Euskal Herriko 250 herritan jokatu dituzte mus txapelketako partidak. Aurten, gainera, datu guztiak jaso barik badituzte ere, 2.000 bikotek baino gehiagok parte hartu dutela esan dute antolatzaileek. Txapelketan 50.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan.
Bizkaian bezala, Araba, Behe Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Zuberoan ere finalen kanporaketak jokatuko dituzte asteburu honetan.