
Manu Leginetxe Beiruten egon zeneko irudia
Manu Leginetxeri gure omenaldi xumea izenburupean egingo dute hitzaldi-solasa, datorren martitzenean, hilaren 18an.
Jose Angel Iturbe sukaldari eta irakaslea, Jose Ramon Plaza ekoizlea eta Alberto Uriona eta Ander Landaburu kazetariak izango dira oraintsu zendutako Arratzuko semea hobeto ezagutzeko gakoak ematen. Izan ere, Rikardo Abaunza kultur etxeko zuzendariak azaldu duenez, Leginetxeren bizitza profesionalean zentratu beharrean, arratzuarraren inguruko
“bitxikeriak eta anekdotak” azalduko dituzte hizlariek.
Helburu hori kontuan hartuta, kazetari ospetsuak gonbidatu beharrean, Leginetxe ondo ezagutu zuten lau lagunek emango dituzte haren figuraren inguruko azalpenak, gertukoek. Iturbe, Plaza eta Uriona gernikarrek nahiz Landaburuk arratzuarrarekin harreman estua eduki zutela azaldu du Abaunzak. Urionari, adibidez, “Leginetxeri esker piztu zitzaion kazetari sena, eta bere bitartez hasi zen El Pais egunkarian”. Plazak, bestetik, arratzuarrarekin egin zuen lan, eta “elkarrekin izan ziren Afganistanen”. Landaburuk, bere aldetik, “El Salvadorren kolaboratu zuen Leginetxerekin”.
Iturbek ere ondo baino hobeto ezagutu zuen berriki zendutako arratzuarra, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren harirako aldarrikapen sasoian nahiz aurretik eta gerora, eta, “diotenez, Leginetxeri zor zaio Gernika Gernikara leloa”.
Hartara, hainbat izango dira datorren martitzenean ezagutu ahal izango diren pasadizoak. Besteak beste, Athletic futbol taldearekiko zeukan zaletasunaz ariko dira, edo Gorka Lejarzegi fotokazetari mendatarraren erakusketa batean egon ahal izateko sari bat hartzeko ekitaldira huts egin zuela azalduko dute.
Hitzaldi-solasa
- Izenburua. Manu Leginetxeri gure omenaldi xumea.
- Parte hartzaileak. Jose Angel Iturbe, Jose Ramon Plaza, Alberto Uriona eta Ander Landaburu.
- Antolatzaileak. Bake-Leku txokoa eta Gernika-Lumoko Kultur Etxea.
- Noiz. Otsailaren 18an, martitzena, 20:00etan.
- Non. Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan.