
Aitor Goldaraz Muxikako alkateak aurreratu duenez, Ariatza auzoan jarri behar duten pulsagailu bidezko semaforoa “Aste Santuko oporretarako martxan” egotea espero du udalak. Hala, zenbait atzerapen izan dituzten arren, egokitzapen lanak “erritmo onean” doazela deritzo.
Herriko auzoan semaforoa jarrita, segurtasunean aurrerapauso bat emango dutela dio alkateak. Izan ere, Ariatzakoa herriko puntu ilunetako bat da, segurtasuna kontuan hartuz gero. 2009an, esaterako, auzotar batek bizi galdu zuen kotxe batek harrapatuta; baina, ordukoa, ez zen lehen hildakoa izan. Aurretik ere, ezbehar gehiago gertatu ziren, norbanakoek bidea gurutzatzerakoan.
Auzoko biztanleentzat ez ezik, gainera, babes neurri berria “gainontzeko herritarrentzat ere mesedegarria” izango dela uste du Goldarazek. Dioenez, “Ariatzan, kotxe eta jende mugimendu nahiko handia egoten da”. Besteak beste, eskola desberdinetako umeak jasotzen dituzten autobusak geratzen dira auzoan. Hala, “semaforoak ezbeharrak ekiditen lagunduko du”.
Egunotan autobus geltokiak apur bat handitzen eta luzatzen ari dira beharginak. Alde horretatik, alkateak kontu handiz gidatzeko gomendioa eman du, ezbehar gehiago gerta ez daitezen. Auzoko biztanleei, bestalde, barkamena eskatu die, egokitzapen lanek sor ditzaketen eragozpenengatik.
Ustekabekorik egon ezean, Ariatzak “laster” izango du pulsagailu bidezko semaforoa. Alkatearen berbetan, “arazo bakarra” dute: markesina bat eskatu diote Aldundiari, baina oraindik ez dute jaso. “2012an eskatu genuen lehen aldiz, baina dirurik ez dagoela diote”. Hala, “harrituta” azaldu da Goldaraz. Dioenez, “Aldundiak jartzen dituen markesina horietako bat nahi dugu, auzoko biak berdinak izan daitezen”.