
Benito Lertxundiren kontzertua
Espero legez, Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekua bete-bete egin zen joan den zapatuan. 1.300 lagunentzako edukiera dauka frontoiak, eta beste horrenbeste sarrera saldu zituen Ibilaldia Elkarteak zapatua orduko. Txarteldegian bakan batzuk baino ez ziren salgai egon eta, pilotaleku bete zaleren aurrean, Benito Lertxundik ez zuen hutsik egin, asetuta utziz harmaila guztiak bete zituzten entzuleek.
Oroimenaren oraina ikuskizuna puntu-puntuan hasita, dagoeneko euskal kantutegian klasiko bihurtu diren abestiak nahiz berriagoak kantatu zituen Lertxundik. Bi ordu eta erdiko saioaren ostean, zutik eta txaloka agurtu zuten entzuleek abeslaria.
Kontzertu hori ez da izan, ordea, joan den asteburuan 2014ko Ibilaldiaren alde egindako ekitaldi bakarra. Izan ere, Urdaibai eta Bihozfera argazki lehiaketako lanak Kortezubin ikusgai daudela eta, hainbat jarduera egon ziren zapatuan herri horretan; besteak beste, pilota partidak, umeentzako tailerrak eta jolasak, kale animazioa… Ume zein helduek ondo baino hobeto pasatzeko aukera eduki zuten.