
Aitziber Gabikaetxebarria, Josu Unanue eta Maite Alvarez
Planteamendu barritzaileagaz dator aurten 2013-2017rako Euskararen Erabilera Plana. Orain arte, Euskara Sailak adostutakoa bazen ere, aurrerantzean, sail bakoitzak bere plana egingo du, eta horretariko bakoitzaren egoera kontuan hartuta finkatuko dituzte helburuak, “udaleko arlo guztiekin adostuta eta elkarlanean”. Hala, sailen egitekoaren barruan egongo da euskara plana, “beraiek izango dute erantzukizun nagusia planaren garapenean; izan ere, garrantzisua da parte hartzen duten guztien iritzia, aurrera egiteko”, azaldu du Maite Alvarez de Zarate Euskara teknikariak. Euskara Sailak, bere aldetik, helburu orokorrak ezarri ditu eta, horregaz batera, hizkuntza irizpideen oinarrizko proposamena egin du, gerora, udaleko arlo guztiekin adosteko.
Halaber, planak bere baitan Eralan proiektuaren bidez landu den hizkuntza lidergoa indartu eta sustatzeko planteamendua ere biltzen duela azaldu dute. Azken finean, euskararen erabilera indartzea eta aurrerapausoak ematen jarraitzea da planaren helburua, “zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko”. Josu Unanue Euskara zinegotziak azaldu duenez, erakundeekiko harremanetarako hizkuntza euskara izan dadin gura dute eta baita administrazio barneko lan hizkuntza izatea ere.
Indarrak ahulezietan jarrita
Horretarako, udalak dituen ahulezietan jarriko du indarra; Aitziber Gabikaetxebarria Euskara teknikariaren arabera, “indargune asko izan erren, zenbait ahulezia ere badituelako”. Hala, besteak beste, ahozko barne harreman formaletan euskararen erabilera bermatzen saiatuko da udala, “harreman formaletan ez bezala, jaitsi egiten baita euskararen erabilera harreman ez formaletan”. Horregaz batera, herritarrekiko harreman idatzietan, “euskara gertuagoa eta ulerterrazagoa” erabiltzen saiatuko da udala, eta erakunde publiko, elkarte eta eragileekin euskara gehiago erabiltzen ahaleginduko da. Kontratazio arloan ere jarriko du indarra, udalak ezarritako hizkuntza irizpideak bete ditzaten zerbitzu enpresa zein hornitzaileek. Gainera, “udalak eskaintzen dituen zerbitzu eta produktuetan euskararen erabilerak gora egin dezan lan” egingo dutela azaldu dute.