Beste gauza askoren artean, Eako plan orokorreko hasierako onarpeneko dokumentuan bi aparkaleku egitea zehaztu dute. Aparkaleku handiena, lehen paper-fabrika zegoen lekuan kokatuko dute eta bigarrena, txikiagoa izango dena, Antxikerren.
Aparkaleku handiena egingo duten lekuan, alboan erabilera mistoko gunea ere egingo dute. Bertan, herri gunean egon ezin duten tailerrak edo bestelako enpresa txikiak kokatzeko. Antxikerren berriz, aparkalekuaren alboan aisialdirako espazio libre bat eraikiko dute. «Azken urteetako esperientziak kontutan hartuz, abuztuko asteburuetan 200 bisitarietara iritsi daiteke; eta beraz hauen aparkaleku beharrak asetzeko 66 plazen beharra kalkulatzen da» jaso du udalak txostenean. Arazo honi garraio publikoaren bidez konponbidea ematen saiatu dira Ean baina azkenean aparkalekuak egitea hobetsi dute.
Etxebizitza arazoari ere kolpe gura izan dio plan orokor berri honek. Hori dela eta, hurrengo urteetan eraikiko diren etxebizitza gehienak tasatuak izango dira. «82 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du planak eta gehienak tasatuak izango dira modu horretan, herritarrek etxeak eskuratzeko ahalmena izango dute» esan du Gentzane Lejardi Eako zinegotziak. Neurri hauekin turismoari diseinatutako herria barik herritarren beharrak asetuko dituen herria eraikiko dutela uste du udalak.
Nekazaritzarako lurrak ere babestuko ditu plan orokor honek. «Lurrari garrantzia eman gura diogu eta horregatik lur horiek eraiki gabe lagako ditugu».Egoin fabrikak ere aldaketak jasango ditu plan berriarekin. Enpresa kokatuta dagoen lur eremua higigarri industrial moduan izendatuko dute eta horren trukean enpresak lur eremu batzuk emango dizkio udalari.Plan orokor berriarekin herritarren bete beharrak asetzen dituen herria eraiki nahi duela esan du udalak.
Parte hartze prozesua
Parte hartze prozesu luze baten ostean, asteburu honetan egin dituzte plan orokorreko hasierako dokumentua onartzeko azken batzarrak. Guztira hiru batzar. Azken bilkurak ez direla oso jendetsuak izan esan du Lejardik. «Batzarretan egon ez den jendearentzat plan orokorrari buruzko informazio guztia biltzen duten CD-ak jarri ditugu eskuagarri» aipatu du. Cd-a eskuratzeko Ea-ko udaletxera jo beharko du interesa duenak. Horrez gain, arratsaldetan Eskolondon plan orokorreko planteamendu zehatza azaltzen duen erakusketa ere ikusgai egongo da. Horretaz aparte, epe laburrean nahi dutenekin plana azaltzeko hitzorduak jarriko dituztela aurrerako du udalak. Hasierako dokumentua onartuta, herritarrek bi hilabeteko epea izango dute alegazioak egiteko.