
Frantxuen haitzak
Otsailaren 2ko itsas denboraleaz geroztik, Bermeoko portuan sortutako kalteak konpontzen aritu da Eusko Jaurlaritza, erlojuz kontra.
Frantxuen haitzetan, adibidez, 22 tona arteko harri bloke handiak ipini dituela zehaztu du, olatuen eragina arintzeko.
Portuzarreko hormaren haustura, bestetik, Bilboko portutik eramandako 35 hormigoizko blokez estali du, behin-behinean. Hormigoizko bloke horien bitartez, “sartzen ziren eta kirol portua kaltetzen zuten olatuen energia ezeztatzea” izan du Jaurlaritzak helburu. Gainera,
bloke horiek eta Frantxuako granitozko kuboak kaltetutako azpiegiturak behin betiko berreraikitzeko lanetan erabiliko ditu gerora.
Asteburu honetan ere harri blokeak ipintzen jarraituko duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak; “olatuek Frantxua eta Portuzaharra aldeetan kalte gehiago egitea saihestuko dute lanek”. Kostaldean beste denborale bat iragarri dute astebururako, eta Eusko Jaurlaritzak berriro eskatu du portuetan neurriak hartzeko.