
Peru Aranburu eta Zurine Gojenola
Nafarroako hegoaldeko produktuen saskiak salduz, nekazaritzari eta euskalgintzari bultzada bat emateko sortu zuten Errigora egitasmoa. Busturialdean ere Erriberako produktuez osatutako saskiak saldu zituzten. Orain, publizitate kanpaina onenaren Argia saria jaso du Errigora ekimenak. Peru Aranburu (Lekeitio, 1978) eta Zurine Gojenola (Lekeitio, 1983) proiektuaren partaideak dira.
Argiako publizitate onenaren saria jaso duzue. Espero zenuten?
Zurine Gojenola: Ez genuen espero, inondik inora. Izan ere, horrelako proiektuetan hasten zarenean, ez zaude sariekin pentsatzen, helburu nagusia proiektua bera ondo ateratzea izaten da. Are gehiago proiektua hasi berria denean. Baina kanpainak guk jarritako helburuak gainditu egin dituela ikusita, sekulako poza hartu genuen, eta horren ostean Argia saria jasotzea… Aurrez aurre daukagunari irribarre berri bategaz ekiteko motiboa da.
Baliabide gutxirekin egindako kanpaina izan da Errigorarena?
Z.G: Errigoraren baliabide nagusia lan humanoa izan da, proiektuan sinistu eta lan piloa egin duten herritar bolondresen multzoa. Gugana ere horrela etorri ziren hasieran eta, zelan edo halan, gure ezagutzetatik esku bat botatzen saiatu gara, komunikazioan aritu garen hirurok be horretan nahiko berriak ginelaren jakitun. Baina gogoa eduki ezkero edozeri egin diezaiokezu aurre, eta Errigoraren koordinazioan ibili direnen hordagoari, hobeto edo txarrago, baina komunikaziotik ere saiatu gara eusten. Hori izan da gakoa.
Zein izan da kanpainako punturik indartsuena?
Z.G: Talde lana da klabea. Bakoitzak bere izaera eta ezagutzetatik bere ekarpena egitea. Komunikazioan espreski Txaber Larreategi, Alejandra Goikoetxea eta ni ibili gara. Txaberrek, batez ere, diseinu grafikoa landu izan du, eta baita bideoren bat ere sortu du. Alejandra eta biok markaren definizioan, posizionamenduan eta bestelako bitartekoen sorkuntzan.
Peru Aranburu: Komunikazio baliabideak zabaltzeko ezinbestekoa izan da Errigorako sareak egin duen lana. Sortu dugun material guztia ahoz-aho zabaldu eta ezagutzera ematea.
Zelan hasi zineten proiektu horretan lanean?
Z.G: Dirurik ez dagoenean auzokoarengana jo ohi dugu laguntza eske; batez ere, laguntza ukatuko ez dizula dakizun auzokidearengana. Gugana ere horrela etorri zirela esango nuke. Guk komunikazio ikasketak egin ditugu eta, gainera, herri mugimenduan aritu izan gara beti. Igarri zuten, ezetzik ez genien esan eta. Gainera, gustora aritu gara honetan. Egia esanda, ikasketak arlo horretan burutu ditugu, baina guretzako be erronka bat izan da. Zerbait berria izan da, eta hori ere eskertu izan dugu, ibilian ikasten da eta. Gainera, Argia saria jaso dugu… Ezin da gehiagorik eskatu.
Hemendik aurrera zein izango da Errigoraren lana?
Z.G: Komunikazio arloan aurrera begirakoari buruz berba egiteko oraindik goiz dela esango nuke. Orain, aurreko kanpainaren balorazioa egitekoak gara. Zertan igarri dugun, zertan hobetu dezakegun…
P.A: Proiektuari dagokionez, hasierako bideoan azaldutako helburu berberekin jarraitzen du Errigorak. Nekazaritza ardatz hartuta, Euskal Herria eraikitzen jarraitu gura dugu; beti ere, euskalgintza laguntzeko konpromisoarekin. Udaberrian beste kanpaina bat jarriko dugu martxan, xumeagoa. Horrez gain, ideia konkretuak lantzen ari gara bertoko produktuen kontsumoa ahalbidetzeko.