Arkaitz Bellon Elorrioko preso politikoaren heriotzak protesta asko eragin ditu azken orduetan herririk herri.
Egoeraren larritasunak eta urgentziak hala aginduta, eragile politiko, sindikal eta sozialek elkarretaratzea deitu dute gaur Gernika-Lumoko Merkurion 19:30ean eta Bermeoko Taraskan 20:00etan, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzeko, “herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez”.
Elorrion, Bellonen herrian, 17:30 aldera jaso zuten berria. Niko Moreno alkate ohiak azaldu duenez, arin zabaldu zen berria, baita “etsipena” ere. Batzar bat egin zuten gertatutakoaren berri emateko, eta bat-bateko manifestazioa egin zuten gero.
Ziegan, ohean etzanda, zerraldo aurkitu zuten atzo arratsaldean Arkaitz Bellon Blanco presoa. Cadizen, Puerto de Santa Mariako espetxean zuten Elorriokoa etxetik mila kilometro baino gehiagora, eta hango espetxezainek aurkitu zuten hilda. Berri agentziek Espainiako Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzako iturriak aipatuta kaleratu dutenez, bazkalondoko atsedenaldiaren ondoren ohiko zenbaketa egitera joan zirenean 36 urteko bizkaitarra ohean etzanda zegoela ikusi zuten espetxezainek. Harritu egin zituen horrek. Gerturatu, eta zerraldo zegoela egiaztatu zuten. Iturri horien arabera, gorpuak ez du indarkeria arrastorik. Hortaz, berez hil den ustea zabaldu du Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzak. Bihotzekoak jota hil izanaren aukera zabaldu dute hainbat iturrik.
Urtebetean hil den hirugarren euskal presoa da Bellon. Angel Figeroa iazko martxoaren 14an hil zen, zigorra etxean betetzen ari zela, eta Xabier Lopez Peña martxoaren 30ean, Fleury kartzelan ondoezik jarri ondoren.
Euskal presoen senideen elkarteak, Etxerat-ek, baieztatu zuen atzo Bellonen heriotza, eta oraindik ez dela heriotzaren zergatia zehazteko moduan jakinarazi zuen. Atzo arratsaldean bere ziegan aurkitu zutela baieztatu zuen, eta arratsaldean auzi medikua espetxean zela heriotzari buruzko lehen azterketa egiteko. Artatze horren emaitzak Zaintzarako Epaitegira igortzekotan zen ondoren auzi medikua, autopsia egiteari buruzko erabakia hartzeko. Atzo iluntzean Puerto I espetxean zegoen oraindik gorpua, eta senideek ez zekiten autopsiari buruzko erabakia gauean edo gaur goizean hartuko zen.
Edozein modutan, senideak atzo bertan prestatzen hasiak ziren Cadiz aldera abiatzeko. Autopsia egin dadila eskatuko dute senideek abokatuekin, eta autopsia egiten denean haien konfiantzazko mediku bat ere izan dadila eskatuko dute. Horrez gain, gertatutakoari buruzko informazioa lehen eskutik jasotzeko helburuz eta gorpua Euskal Herrira ekartzeko egin beharreko tramiteak ahalik eta arinena egin ahal izateko erabaki zuten senideek Puerto de Santamariara ahalik eta arinena abiatzea.
13 urte kale eraso bategatik
36 urte zituen Bellonek, eta hamahiru urte eta hiru hilabeteko zigorra betetzen ari zen kale eraso batean parte hartzea egotzita. Hiru hilabete barru zen zigorra kitatzekoa, maiatzean.