
Ziortza-Bolibarko ludoteka, artxiboko irudian
Kandeleria eguneko ospakizunekin ekin zioten mundakarrek Ludotekako otsaileko egitarauari; orain, ekintzaz beteriko hilabetea dute aurretik Mundakan. Hilabete honetarako aurkeztutako egitaraua, gainera, “dibertigarria” dela aurreratu dute. Hain zuzen, asteburuan jarraituko dute ludotekako ekintzekin; hala, bihar, zapatuen eta domekan 18:00etatik 20:00etara, jolas askerako aukera izango dute adin ezberdinetako herritarrek. Otsailaren 15ean, datorren zapatuan, barriz, eskulanetarako tartea izango dute nagusiek, 17:30etik 20:30era, eta, domekan, hilaren 16an, aldiz, txikitxoek izango dute horretarako aukera, 17:00etatik 20:00etara.
Asteburu honetan bezala, hilaren 21ean jolas askeen bitartez gozatu ahalko dute neska-mutil gazte zein txikitxoenek, 18:00etatik 20:00etara. Hurrengo egunean ere, izango dute zer egin, ludotekako nagusitxoek; ipuin tailerrean eta saio didaktikoan parte hartzeko aukera izango baitute, 17:30etik 20:30era. Domekan, hilaren 23an, barriz, txikitxoen txanda izango da, eta gauza bera egingo dute 17:00etatik 20:00etara; hala, sentsibilizazioa landuko dute bertan: talde lana, desgaitasunak, desberdinak izatearen aberastasuna…
Otsailaren 28an, ostera, aratusteak ospatuko dituzte ludotekako nagusienek. Aratusteetan murgilduta, bestalde, ludoteka martxoaren 2an eta 3an itxita egongo dela jakinarazi dute. Era berean, eskulanetara eta ipuin saioetara garaiz iristeko eskatu diote ludotekakoek herritarrei.