
Arrolape Mendi Lasterketa taldeak korrikalari gazteei zuzendutako teknifikazio eskola bat abiaraziko du aurten, Bermeoko Campos enpresaren laguntzari esker. Oscar Morales taldeko kideetako batek azaldu duenez, “babesle horren laguntzagaz, Campos Arrolape Teknifikazio Eskola antolatzeak dakartzan gastuei aurre egiteko aukera izango du taldeak”. Hala, “pozarren” azaldu da, Euskal Herrian aintzindaria izango den formakuntza eskola bat jarriko baitute martxan. Herrialde Katalanetan, esaterako, egon badaude antzeko eskolak, baina Euskal Herrian ez.
Moralesen berbetan, 16 eta 23 urte bitarteko korrikalari gazteei zuzenduta dago teknifikazio eskola. “Eskualdean korrika egiten duten gazte asko daude, eta batzuk mendiko lasterketak probatu nahi dituzte”. Hala, teknifikazio eskola “ikasteko aukera ederra” dela deritzo. Besteak beste, modu egokian entrenatzen eta elikadura zaintzen irakatsiko dute Arrolapekoek. “Izan ere mendi lasterketak lehiatzeko gakoetako bi dira”.
Bestalde, Euskal Herritik kanpora bidaiatzeko aukera izango dute korrikalari gazteek, teknifikazio eskolan parte hartuz gero. “Pare bat bidaia egitea aurreikusten dugu, baina aurrerantzean zehaztuko dugu zer egin”.
Moralesek nabarmendu duenez, teknifikazio eskolan parte hartzeak, “konpromiso maila bat” eskatzen du. Hala, izena ematen dutenek entrenamenduak eta elikadura zaindu beharko dituzte. “Konpromisorik egon ezean, alferrekoa izango litzateke Euskal Herritik kanpora entrenamenduak antolatzea”.
Campos Arrolape teknifikazio eskolan izena emateko, mendi lasterketa taldeagaz jarri behar dira harremanetan korrikalari gazteak. Hain zuzen, arrolapemt@gmail.com e-postara idatzi behar dute, otsailaren 14a baino lehenago . Interesatuek datu pertsonalak eta telefonoa eman beharko dituzte. Ostean, Arrolapeko kideak izena eman duten korrikalari gazteekin batuko dira azalpen guztiak emateko.