
Bermeoko olatu-horma
Begi guztiak itsasora begira zeuden atzo, joan den domekako itsas denboraleak utzitako arrastoa ahaztu ezinik. Alerta laranja zela eta, kezka eta beldurra ziren nagusi, baina atzoko enbatak ez zuen eduki asteburukoak bezain besteko indarrik. Olatuak makalagoak izan ziren, eta kostako herrietan egunotan hartutako neurriak nahikoa eraginkorrak izan ziren. Bermeoko olatu-hormak ere, ahulduta egon arren, eutsi egin zion itsas denboraleari.
Herri hori zen, hain zuzen, kezkarik handiena sortzen zuena, domekako denboraleak hiru lekutatik apurtu baitzuen olatu-horma. Atzoko alerta laranjaren beldur, beraz, Bermeoko flota osatzen duten ontzietako hamabi Deustuara eraman zituzten herenegun, ontzi guztiak portuan utziz gero batak bestearen kontra egingo zukeelako talka. Portuan utzi zituztenak gogor amarratu zituzten, balizko kalteak murrizteko.
Bermeoko Udalak zein portuko ostalari, dendari eta arrantzale eta ontzi jabeek ere segurtasun neurriak hartuak zituzten, badaezpada ere. Gurutze Gorriaren basean, bestetik, hamabi boluntario zeuden atzo, eta, salbamendurako ontziez gain, erantzun azkarreko ibilgailu bat eta lur orotarako beste bat izan zituzten erabilgarri. Herri Babeseko kideak ere lanean izan ziren.
Eguneko lehen itsasgoraren esperoan, nahiko lasai esnatu zen Bermeo. 08:30ak aldera, zenbait olatuk dikea gainditu zuten, baina, olatuek hiruzpalau harritzar bota zituzten arren, ez zen aparteko ezer jazo. Domekako itsas-denboraleak eragindako kalteak konpontzen ari diren beharginek lanean jarraitu zuten atzo ere.
Goizekoa igarota, 16:00etarako zegoen aurreikusita itsaso zantarra, eta ondorengo orduetan ere itsasora adi-adi egon ziren kostako herrietako bizilagunak. Izan ere, 21:00etan egongo zen marea punturik gorenean. Ordu hori baino arinago ere, olatuak handiak ziren, eta Bermeoko dikea gainditzera iristen ziren, batez ere, bata bestearen artean maiztasun eskasa zegoenean. Bermeoko Gurutze Gorriko kide batek azaldu zuenez, «olatuak elkarren segidakoak izatean areagotzen da arriskua, orduan sartzen da-eta ura».
Harrizko blokeekin indartu dute egunotan Bermeoko olatu horma, baina atzoko olatu kolpe batzuek harri bloke horietako batzuk mugitu ere egin zituzten Frantxuen haitzetan. Ondorioz, ura sartu zen arrantzaleen lonjak dauden gunera, eta gaueko itsasgoragaz batera «errekatxoa» ere sortu zen. Arazoak arazo, ez zen kalte handiegirik sortu.
Herritarrak ez ezik, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea ere arduratsu zegoen itsasoari begira, baina, «ikusgarriak» izan arren, olatuak «domekan baino ahulago» zetozela aitortu zuen. Otsailaren 2ko enbatak sortutako kalteak «nahikoa» direla eta, «gehiagorik ez» sortzea espero zuela esan zuen. «Espero dezagun harrizko blokeek olatu kolpeak baretzea».
Balorazio sasoia
Gaurtik aurrerakoak balorazioak egiteko egunak izango direla esan zuen Bermeoko alkateak, «betiere, itsasoaren egoerak horretarako aukera emanez gero». Kalteak zenbatetsi, eta eskumena duten erakundeekin lanean ariko direla esan zuen. Lekurik ahulenak Frantxuen haitzak, olatu-horma eta Portuzarreko moila direla azaldu zuen Bidegurenek, eta, bereziki, Frantxuen haitzek eta Portuzarreko moilak kezkatzen dutela azaldu zuen. Horrenbestez, otsailaren 2ko enbatak eragindako kalteei dagokienez, Frantxuen haitzak eta Portuzarreko moila konpontzeari emango dio udalak lehentasuna, eta gerora egingo dute olatu-hormaren konponketa.
Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak, bestalde, asteburuko itsas denboraleak sortutako kalteen inguruko behin-behineko datuak eman ditu. Hala, partzuergo horren arabera, denboraleak Euskal Herrian utzi ditu kalterik handienak, eta euskal kostaldean kalteak 14 eta 16 milioi euro artekoak izan daitezkeela ere aurreratu du. Kantauri isurialdea kontuan hartuta, zenbateko hori 20 milioi eurora artekoa izan daitekeela zehaztu du, gainera. Kalte ordainen eskariak jasotzen hasiak dira dagoeneko aseguru etxeak. Bizkaian, hain zuzen, 70 eskari egin dituztela zehaztu du Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak.
Jaurlaritzak, bere aldetik, bilera batera deitu ditu instituzio guztiak. Hain zuzen, Ana Oregi Ingurumen sailburuak eskutitz bat bidali die denboralearen inguruan zeresana duten administrazio publiko guztiei, «kalteen mapa zabala eta oso banatua» dagoelako eta «benetako kalteen dimentsio osoa» izateko. Hala, udalei, diputazioei eta Espainiako Gobernuko ordezkariei bidali die gutuna, eta asmoa da datorren astearen amaieran biltzea, Gasteizen.
Herri batean zein bestean, ikusmina sortu zuen Kantauri itsasoaren oldarraldiak, eta asko izan ziren olatu handiak ikusteko han eta hemen bildu ziren lagunak. Sare sozialak ere gori-gori zebiltzan enbataren gaiarekin.
Urteko bosgarren itsas denboralea igarota, gaurko iragarpenek ez dute hain itsaso zakarrik aurreikusten, baina asteburuan beste enbata bat datorrela entzun zitekeen atzo. Oraingoz, dena den, barikurako alerta horia ezarri dute, 00:00etatik 06:00etara.