
Abortuaren erreformaren aurkako protesta, Gernika-Lumon
Abortuaren gaiak zeresan handia eman du. Lege aldaketa berriak hauts asko harrotu ditu, eta mota guztietako iritziak entzun ditugu jendartean.
Abortu eskubidea, baina, ez da kontu berria. Lehenengoz, 1937. urtean onartu zen emakumeentzako abortu eskubidea, baina epe labur batez baino ez zuen legeak babestu Espainiako estatuan. Ordura arte, abortatzen zuten emakumeei zigorrak ezartzen zizkieten. 1936ko abenduan, anarkisten iniziatibari jarraituz, abortuaren legearen erreforma onartu zuen Kataluniako Generalitat-eak. 36ko Gerraren erdi-erdian hartutako erabakia izan zen. Lege berri horrekin, lehen aldiz, haurdunaldia eteten zuen emakumeak ez zuen ordura arte ezarrita zegoen zigorrik jasotzen.
Garai hartarako oso lege aurrerakoia izan zen. Izan ere, eragindako abortuaren kasuan politika oso irekia onartu zuten. Lege horrek esaten zuenaren arabera, lau kasutan aborta zitekeen: arrazoi terapeutikoengatik (amaren gaixotasun fisiko edo psikikoak zeudenean, zeinak umearen osasuna baldintza zezakeen), arrazoi eugenikoengatik, jaiotzaren kontrola egiteko gogoagatik edota arrazoi etikoengatik eta sentimentalengatik.
Abortatzeko eskubidea onartzeaz gain, arau berri horrek beste aldaketa batzuk ere proposatu zituen; horien artean, emakume langileentzako eta beraien seme-alabentzako laguntza medikoa, planifikazio familiarrerako zerbitzuen eskaintza eta amatasunerako laguntza. Hartara, emakumeak ama moduan zeukan bizi kalitatea hobetzeko aukera zuen, eta, aldi berean, abortatu ala ez erabakitzeko eskubide gehiago eskuratu zituen.
Esan modura, baina, lege horrek oso gutxi iraun zuen. Hain zuzen ere, Francoren erregimenak legea bertan behera laga zuen 1937ko maiatzean. Francok, emakumeak eskuratutako askatasun urriak atzera bota, eta beste gauza askoren artean, amatasuna emakumearen zeregin sakratu gisa berrezarri nahi izan zuen.
Legearen aurrean zigortua
Ordundik eta 1985. urtera arte, abortatu izana zigortu izan dute Espainiako estatuan, eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian. Emakume batek umerik eduki nahi ez zuen kasuetan, Ingalaterrara, Londresera joan behar izaten zuen haurdunaldia eteteko; edo haurdunaldia zortzi aste baino gutxiagokoa izanez gero, Miarritzera. Ostean, 1985ean, zigorra kendu zuten haurdunaldia ustezko hiru kasu hauetan eteten baldin bazen: amaren osasun fisiko edo psikikoa arriskuan zegoenean, amak bortxaketa bat jasan zuen kasuetan eta umekiak malformazio edo akatsen bat zuenetan. Beste kasuak ez zituen legeak babesten, eta, ondorioz, emakumeak beste bitarteko batzuk erabili behar izaten zituen.
2010. urtean, Sexu eta Ugalketa Osasun eta Haurdunaldia Borondatez Etetearen Legea (HBE) onartu zuten. Oraintsu, baina, Espainiako Gobernua hura aldatzeko pausoak ematen hasi da, eta eztabaida handia sortu da jendartean; era berean, mugimendu feministaren erabateko gutxiespena jaso du proposamenak.
PPren gobernuak bultzatutako lege berri horrek 1985eko eredua –diktadura ostean onartu zuten abortuari buruzko lehen legea– baino atzeragoko egoerara itzultzea ekarriko luke. Mugimendu feministak behin eta berriz esan duenez, emakumeen eskubideen kontrako eraso zuzen-zuzena da. Izan ere, Gallardonen legea deritzon horrek abortu askea baimentzen du, hamalau asteren barruan egiten bada, baina, betiere, emakumeak hiru eguneko hausnarketa epe bat egin ondoren. Hori emakumeen gehiengoak borrokatzen dituen helburuetatik «oso-oso urrun» dago: edozein emakumerentzat abortu askea, ziurra eta doakoa gizarte segurantza sistemaren barruan. «Eskubide hori ez da eskubidea etorkin eta paperik barik dauden emakumeentzat. Azken urteetan egindako murrizketen ondorioz, ez dute sarbiderik osasun publikora», gogoratu dute.
Edonola ere, abortatzeko eskubideari buruzko gogoeta hori ez dela kasualitate hutsa dio mugimendu feministak. Izan ere, horren atzean «eraso ideologiko, erreakzionario eta dogmatiko latza» dagoela salatu du. Horri lotuta, zerbitzu publikoetan gauzatutako murrizketek zaintza eta ugalketa lanetan orain arte Espainiako estatuak babestutako gutxi hori baztertu egin dutela diote. «Ondorioz, lan horren zama emakumeek hartu dute euren bizkar gainean, eta hartuko dute. Bada, andreek dute Estatuaren disfuntzio hori euren gain hartzeko betebeharra».
Azken urteetan abortatzea modu oso ezberdinetan gauzatu da, eta etorkizunean, ezarri nahi dituzten neurriak tarteko, ezberdintasunak areagotu egingo dira.
Era horretan, baliabide ekonomiko nahikoak dituzten emakumeak izango dira era seguruan abortatu ahal izango dutenak; hain lege zurruna ez duten herrialdeetara joango dira, orain hamarkada batzuk egiten zen modura. «Krisi izenez batailatu duten iruzur horri esker, gero eta emakume gutxiagok izango dugu aukera horri eusteko modua». Baliabide ekonomiko gutxiko emakume langileentzat eta ikasle direnentzat, hortaz, zailtasun handiagoak egongo dira. Arrazoi hori dela eta, klandestinitatean abortatzera jo beharko dute, egokiak ez diren baldintzetan. «Euren bizitzak arriskuan jartzeko kaltebide larria izango dute».
Gainera, 18 urte baino gutxiago dituzten andreek gurasoen baimen barik ezin izango dute abortatu. Hori «guztiz harritzekoa» da, Espainiako estatuan ezkondu ahal izateko gutxieneko adin legala 16 urtekoa izanik, eta legearen ikuspuntutik 13 urtetik haratagoko nerabeek harreman sexualak eduki ditzaketenean. Nolanahi ere, legez kanpo abortatzera derrigortuta dauden emakumeek zein zigor izango duten ez du inork zehaztu oraindik: Espainiako Justizia Ministerioak ez du horri buruz ezer esan.