Urtero moduan, aurten ere Sahararen aldeko Euskal Karabana abiatu dute Euskal Herrian zehar, eta, oraingoan ere, Busturialdeko herritarrek parte hartu dute. Guztira, 7.206 kilo janari batu dituzte aurten eskualdean; iaz baino 3.511 kilo gutxiago. Dena den, bilketaz arduratzen den Bermeoko Besalde elkartea «oso pozik» agertu da herriak emandako erantzunagaz.

Busturialdeko herri ezberdinetan batutakoa. Argazkilaria: Besalde elkartea
Hamargarren karabana abiatu dute aurten, eta otsailaren 22an abiatuko da Euskal Herrtik Sahararako bidean, bertako errefuxiatuei berton batutakoa eramateko.
Busturialdean, hainbat tokitan egin dute bat bilketagaz; hain zuzen, Bermeo, Busturia eta Mundakako denda eta hezkuntza zentroetan, eta Muxikako Urretxindorra eskolan, Arratzuko Barrutia ikastetxean eta Barrutialde institutuan eta Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean, Seber Altube Ikastolan, institutuan eta supermerkatuetan batu dute Sahararako janaria.
Hala, Besaldek herritarrek erakutsitako eskuzabaltasuna nabarmendu du, eskerrak emanez, «herri guztietan parte hartutako norbanako, udal, denda eta hezkuntza zentroei; Bermeoko arrain fabrikari; Mundakako Guztiok proiektuko elkarteari; Bermeoko Ospitale Psikiatrikoari; parrokiei, eta, bereziki, San Frantzisko komunitateari; Hitza egunkariari eta Itsuki Irratiari; Kate Sarea elkarteari eta Bermeoko Udalari, besteak beste.
Halaber, norbanakoek egindako ekarpenak ere nabarmendu ditu Bermeoko elkarteak; «handiak» izan baitira. Guztira, 635 euro jaso dituztela eta horrekin janaria eta konpresak erosi dituztela azaldu du.