
[ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA]Pedro Arrojo Agudo (Madrid; Espainia; 1951) Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia Katedraduna eta uraren kudeaketan aditua da. Herenegun, hitzaldia eman zuen Bermeon, eta 40 lagun inguru batu ziren haren azalpenak entzuteko. Adituaren ustez, ura pribatizatzea ez da bidezkoa. Hala, Busturialdeko Ur Partzuergoak publikotasunaren alde emandago pausoak positibotzat jo ditu.
Nolako garrantzia dauka urak izaki bizidunen bizitzan?
Ezagutzen ditugun bizimodu mota guztien sortzailea da ura. Hortaz, munduko lehengairik garrantzitsuena dela esan daiteke. Natura menpean hartzeko paradigma zaharrak eta gizakien artean nagusitzen den gutizia sentipenak, baina, aldaketak ekarri dituzte. Bizitzaren sortzaile izan beharko litzateken elementua, gaixotasun larriena bilakatzeko bidean dago. Gaur egun, sinesgaitza dirudien arren, 1000 milioi pertsonak ez du ur edangarririk. Gabezia horrek, 10.000 gizaki hiltzen ditu egunero. Zenbateko hori, gainera, beherakoak jota hiltzen diren pertsonek baino ez dute osatzen. Kontuan izan behar dugu ere, munduko ur baliabideetan kutsadura areagotu dela, apurka-apurka milioika herritar pozoinduz. Hala, Uraren Planetako uraren krisiari egin beharko diogu aurre, paradoxa tragiko horri irtenbidea emanez.
Gaur egun, erakunde handiek eta enpresa pribatuek ura pribatizatuko dutelaren ustea zabalduta dago gizarteko zenbait eragileren artean. Zein iritzi daukazu zuk?
Uraren Planetak daukan krisia ez da agorraldi krisi bat. Krisi horri hainbat faktorek eragiten diote. Alde batetik, ur-ekosistemen iraunkortasunean eragin dugu gizakiok. Hala, atzo edangarria zen ura, gaur pozointsua da. Bestalde, sistema neoliberal inmoralak ere erruaren parte bat dauka. Injustizian eta zuzentasun ezan oinarrituta, milaka milioi txiro sortzen ditu sistemak. Sistema neoliberalaren haritik tiraka ere, hirugarren arazo garrantzitsu bat dago gaur egun. Ur edangarri eta saneamendu azpiegituren kudeaketan eragiten duen presio pribatizatzaileak, negozio bihurtzen ditu lehentasun izan beharko liratekeen azpiegiturak. Hala jokatuz, herritarrak bezero arrunt bilakatzen dira, behartsuenak babes barik utziz.
Busturialdeko Ur Partzuergoak zenbait pauso eman ditu uraren zikloaren kudeaketa publikoa izan dadin osotasunean. Aukera ona da uraren kudeaketa egokia bermatzeko?
Kudeaketa publikoaren aldeko pausoak ematea ona da, baina ez nahikoa. Publikotasunaren izenpean, kudeaketa txarra, iluna eta ustela egin izan da askotan. Alde horretatik, bi adibide adierazgarri jarri ditzaket. Bilboko Ur Partzuergoak eta Canal de Isabel II Partzuergoak, esaterako, latinoamerikako zenbait ur-baliabide pribatizatzen saiatu ziren.
Cochacambako Uraren Gerra mugimenduko kideek, bestalde, eredu publiko, parte hartzaile eta demokratiko baten alde egiten dute. Nire ustez, hori da norabide egokia. Busturialdeko Ur Partzuergoa ere pausoak ematen ari da norabide horretan, eta albiste pozgarria dela deritzot.