Ertzaintzak jakinarazi duenez, emakume batek salatu du sexu erasoa jaso duela Bermeon. Ertzainek ustezko erasotzailea atxilotu dute, eta azken horrek epailearen aurrean deklaratu du. Hala, ustezko erasotzailea epaiketa egunera arte aske utzi dute; dena den, urruntzeko agindua ezarri dio epaileak, eta, horrez gain, hilean behin epaitegian aurkeztu beharko da. Sexu eraso hori salatzeko, Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak, Sareginek Emakume Feministen Sareak eta Bermeoko Udalak berak deituta, elkarretaratze isila egin zuten zapatu goizean Bermeoko herritarrek.
Zapatuko elkarretaratzea. Argazkilaria: Bermeoko Udala
Udalak, Erroxapek eta Sareginek elkarteak Bermeon gertatutako sexu eraso hori “gogor” salatu eta gaitzetsi dute, eta, era berean, biktimari “elkartasuna erakutsi eta laguntza eskaini” diote. Hala, egin beharreko kudeaketak “ahalik eta arinen” egitea eskatu diote justiziari, “erantzukizunak zehaztuz eta erasoaren errudunaren kontrako neurriak hartuz”.
Bortizkeriagaz amaitzeko beharra
Sareginen elkarteak, gainera, ez duela “salaketa hutsean” geratzea nahi adierazi du, eta “emakumeenganako bortizkeriarekin amaitzeko beharra” dagoela azpimarratu du. Halaber, argi dute “jendarte osoari dagokiola horren ardura hartzea, horretarako, jarrera aktiboa izanez”.
Era berean, instituzioei dei egin die, emakumeentzako gertuko informazio eta arreta zerbitzu integralak martxan jar ditzaten, hartara, babesa eta laguntza psikologiko eta juridikoa emateko. “Gainera, eredu patriarkal honekin amaitzeko, bortizkeriaren sustraietara joz, prebentzio eta sentsibilizazio programak martxan jartzea ezinbestekotzat jotzen dugu”, azaldu dute.
Jendarteari, bestalde, emakumeren bat erasotzen dutenean, “geldirik eta isilik ez geratzeko” deia egin die; izan ere, emakume feniministen taldearen ustez, “zurrumurruak albo batera utzita, denona den arazoari erantzuna ematea da bidea, kalera irten, salatu eta erasoa jasan duen emakumeari babesa eskainiz eta erasotzaileari gaitzespen soziala erakutsiz”.
Lanean jarraitzeko asmoa
Gauzak horrela, emakumeen jabekuntza eta autodefentsa feministan oinarrituz lanean jarraitzeko asmoa erakutsi du Sareginen sareak, “emakumeen kontrako erasoak salatzeaz gain, testuinguruan kokatu eta sistema patriarkalaren trikimailu guztiak erakustaraziz”. Hala, borroka feministaren bitartez eta jendarte osoa inplikatuta, emakumeen kontrako bortizkeria atzean uztera doazela esan dute.