Duela hamar egun Busturialdeko Industrialdea S. Aren parte diren Sprilur (Eusko Jaurlaritza) eta Azpiegiturak (Bizkaiko Foru Aldundia) enpresa publikoek egin zuten bezala, EH Bilduk “informazio faltsua” eman duela salatu du EAJk ere.
Jeltzaleek nabarmendu dutenez, Busturialdeko EH Bilduk Ibarra industriaguneari buruzko “fikziozko datuak” zabaldu ditu, eskuorrien eta kartelen bitartez. “Zentzugabekeria” horren aurrean, erantzukizunak exijituko dituela ohartarazi du EAJk. Jeltzaleen berbetan, “herritarrei ezin zaie iruzur egin, hartu barik dauden konpromiso batzuk iragarriz”. Diotenez, ezin da iragarpenik egin, proposamenak legea betetzen duen, eta egitasmo hori teknikoki eta ekonomikoki bideragarria ote den jakin barik.
Ezer baino lehenago, behar beste azterketa eta aurreikuspen egin beharko liratekela deritzote jeltzaleek. Horien berbetan, “elkarte anonimoak eskatutako agiriak eta txostenak eman barik jarraitzen du udalak, ardura hori Busturialdeko Industrialdea S.Aren gain utziz”.
Bestalde, Ibarra bultzatzearen adeko jarrera daukala esan du EAJk. Proiektu bideragarri bat izanez gero, horren alde egingo duela dio alderdi politikoak.