Benito Lertxundi abeslaria (Orio-Gipuzkoa, 1942) Gernika-Lumon izango da otsailaren 8an. Hain zuzen, Jai Alai pilotalekuan jarritako agertokira igoko da musikari oriotarra, iraganeko eta gaur egungo abestiak jotzeko. Oraingoan, baina, kontzertu berezia izango dela aitortu du Lertxundik, Ibilaldi kulturalaren egitarauaren barruan joko baitu. Dagoeneko hainbat ekitaldi antolatu ditu Ibilaldia elkarteak Bizkaiko ikastolen aldeko 2014ko egun handia girotze aldera, tartean Gabonetako
Herritmo ikuskizuna.
Oroimenaren oraina diskoagaz zatoz oraingoan Gernika-Lumora. Zer trasmititu nahi duzu izenburu horregaz?
Oroimenak orainaldian daukan eragina nabarmendu nahi dut
Oroimenaren oraina diskoagaz. Onerako edo txarrerako, iraganeko oroitzapenek askotan egiten dute salto gaur egunera. Oroimenak ikasteko balio du, baina min ere eman dezake. Ideia horri bueltak ematen nenbilela sortu nituen diskoko abestiak.
Urte asko daramatzazu agertokietara igotzen. Disko berriko abestiez gain, klasikoak ere joko al dituzu?
Bai, denak uztartuko ditugu. Gure kontzertuek bi ordutik gorako iraupena daukate. Hala, errepaso zabala egiteko aukera izaten dugu beti. Gainera, zenbait abesti zahar oso esanguratsuak dira gure zaleentzat. Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dugu abesti horiek taularatzea. Ikusleak pozik gera daitezen da helburua.
Zaleek, hortaz, ederto pasatzeko aukera izango dute.
Baietz esango nuke. Ahaleginak, behintzat, egingo ditugu.
Eta zuk gozatzen al duzu Gernika-Lumon jotzen duzunean?
Ikaragarri gustatzen zait jendaurrean kantatzea. Beraz, Gernika-Lumon zein gainontzeko herrietan gozatzen dut. Taula gainera igotzea eta ikusleak hunkitu egiten direla sentitzea oso ederra da.
Gogoratzen al duzu Gernika-Lumon emandako kontzerturen bat?
Askotan izan naiz Gernika-Lumon, eta guztietan egon naiz gustura. Hala ere, bi kontzertu gogoratzen ditut bereziki. Alde batetik, bonbardaketaren 50. urteurrenean Mikel Laboagaz jotakoa. Kontzertu oso berezia izan zen, sinbologiaz beteriko egun eta ekitaldi bat baitzen. Bestalde, Jai Alain azkenengoz jo nuenean ere primeran pasatu nuen. Zaleen eta agertokian geundenon artean lotura berezia sortu zela iruditu zitzaidan. Zaleek besoak zabalik hartu gintuzten, eta asko hunkitu nintzen, egia esan. Oroitzapen bereziki ona gordetzen dut.
Ikastolen mugimenduaren sorrera ezagutu nuen, eta herritar haiek egindakoa handia izan zela deritzot. Euskal herritarrak inposizioaren kontra altxatu ziren, beste errealitate bat posible zela ikustaraziz”
Otsailaren 8an 2014ko Gernika-Lumoko Ibilaldiaren alde joko duzu. Poztasuna bikoitza al da euskararen alde jotzen zaudela sentituta?
Egia esan, bai. Ikastolena herri honek ezagutu duen mugimendurik ederrena dela deritzot. Francoren garaian bertoko herritarrek esfortzu handia egin zuten euskara bizirik mantentzeko. Hala, niretzat heroien parekoak dira. Musikaren esparrua aintzat hartuz, pertsona horiek egindako lana goratu nahi dut. Ikastolen mugimenduaren sorrera ezagutu nuen, eta herritar haiek egindakoa handia izan zela deritzot. Euskal herritarrak inposizioaren kontra altxatu ziren, beste errealitate bat posible zela ikustaraziz. Gaur egungo gizartean antzeko mugimendu bat martxan jartzea ia ezinezkoa izango litzatekeela iruditzen zait. Hortaz, duela 50 urte inguru ikastolek hasitako bidea txalogarria eta goraipatzekoa da. Aintzindari haien konpromisoa argi erakusten duen adibide bat ere jar dezaket: Oso argi gogoratzen dut ikasgelak egiteko materiala obretan lapurtuz lortzen zutela zenbait herritan.
burujabetza da tresnarik eraginkorrena euskarak eta Euskal Herriak bizirik jarrai dezaten. Burujabetza, baina, arlo guztietan lortu beharko luke euskal gizarteak, tartean, esparru politikoan”
Urte asko daramatzazu euskaraz abesten eta bizitzen. Zure ustez, zein da egun euskararen egoera?
Euskararen egoerak hobera egin du ikastolak martxan jarri ziren garaitik, baina oraindik ere gure hizkuntza bultzatzeko neurriak ezinbestekoak dira. Nire ustez, burujabetza da tresnarik eraginkorrena euskarak eta Euskal Herriak bizirik jarrai dezaten. Burujabetza, baina, arlo guztietan lortu beharko luke euskal gizarteak, tartean, esparru politikoan. Euskal Herriak burujabetza lortuz gero, euskarak ere bizirik jarraituko duela deritzot. Burujabetzarik ez daukan herri batek eta haren hizkuntzak bizirik jarraitzea, baina, oso zaila izango litzateke. Ildo horretatik, indarrak metatzen jarraitu behar du euskal jendarteak. Gero eta gehiago izan, errezagoa izango da burujabetzaren aldeko pausoak ematea.
Dagoeneko hamazazpi disko inguru kaleratu dituzu urte hauetan guztietan. Ez zara nekatu agertoki batetik bestera ibiltzeaz?
50 urte inguru daramatzat zuzenekoak ematen, eta ez naiz nekatzen. Pribilegio bat da leku batetik bestera ibiltzea, hau baita maite dudana. Ikaragarri gustatzen zait jendaurrean jotzea, eta nire zaletasuna ogibide bihurtzeko aukera izatea pozik egoteko modua da. Lantegira doazen beharginak ere ez dira kexatzen, eta egunero-egunero doaz lanera. Hortaz, zelan esango dut agertoki batetik bestera ibiltzeaz nekatu naizela. Zorte ikaragarria izan dut, eta horren jakitun naiz.
Ahal duzun bitartean, hortaz, taula gainera igotzen jarraituko duzu?
Erabat argi daukat hala izango dela. Gustura nago, eta jendaurrean jotzen jarraituko dut zaleek gozatzen duten bitartean.
Zergatik betetzen zaitu horrenbeste jendaurrean jotzeak?
Txikitatik daukat abesteko zaletasuna. Gaztetan elizan eta herriko koruan abesten nuen. Hala ere, hamasei urte nituenean norbaitek esanez gero musikatik bizitzeko aukera izan behar nuela, ez nuke sinestuko. Ikusleen eta kantariaren artean sortzen den loturak betetzen nau bereziki. Zaleak hunkituz gero, sentipen hori nigana heltzen da, eta ni neu ere hunkitzen naiz.
Musika asko aldatu da kontzertuak jotzen hasi zinetetik. Zu ere musikarekin batera aldatu al zara?
Bizitzan guztia aldatzen da; politika, hezkuntza, musika eta ni neu ere. Sarritan ez gara konturatzen, baina munduak etengabe jarraitzen du biraka, eta gu ere aldatu egiten gara. Nire lehen kantak entzutean asko aldatu naizela sentitzen dut. Abesti berri bakoitzagaz hazten jarraitu behar dudala sentitzen dut, musikari bezala inoiz ere ez bainago konforme.