ELA sindikatuak salatu duenez, euskara zerbitzuko behargin baten eginkizunak gainontzeko langileen artean beteko dituzte, Gernika-Lumoko Udalean lanpostu bat suntsituz. ELAkoen berbetan, abenduaren 23an onartutako behin behineko planaren memorian bi lanpostu galtzea aurreikusten zuen udalak. Espe Uriarte Euskara zinegotziak aurkeztutako emendakin bat dela eta, baina, Euskara Planak lanpostu bati eragingo dio sindikatuak dioenez. “Euskara baliabideak gutxitzeaz gain, udalak langile bat kaleratuko du”, ELAk esan duenez.
Atzo, behin betiko Euskara Plana bozkatu zuten udaletxeko ordezkariek. ELAko 30 kidetik gora osoko bilkura aretoan izan ziren protesta egiteko, eta tentsio uneak bizi izan ziren. Istiluak istilu, dena den, udalbatzak proposamena onartu zuen, Bilduren aldeko botoekin. EAJk, bestalde, kontra bozkatu zuen.
Osoko bilkura sindikatuko ordezkarien zaraten artean hasi zen. Jose Mari Gorroño aretoan sartzerakoan, esaterako, haren kontrako eta Gernika-Lumoko udalaren kontrako oihuak nagusitu ziren. Alkateak errespetua eskatu zuen udal ordezkarientzat, baina eskakizunak ez zuen eraginik izan.
Kostata izan arren, eguneko puntu korapilatsuena lantzeari ekin zion osoko bilkurak: Euskara Plana behin betiko onartzea. Gai ordeneko puntua irakurrita, Uriarte euskara zinegotzia plana azaltzeari ekin zion. Ez zuzen luze iraun hala ere. ELAko kideen oihuak zinegotziaren berbak baino gehiago entzuten ziren. Momentu horretan, “Bildu traidore” edo “Bildu españolizador” bezalako oihuak entzun ziren aretoan. Zalaparta baretu nahian, Gorroñok berriro ere eskatu zuen errespetua. Eskakizunak eraginik ez zuela ikusita, baina, Bilduko bederatzi ordezkarik aretoa utzi zuten.
20 minutu inguru iraun zuen etenaldiak. Bitarte horretan, ELAko sindikalistek udalaren kontra egiten jarraitu zuten. Etenaldian, EAJko ordezkariei galdetu zieten ea langile bat kaleratzeagaz ados dauden, eta ezetz erantzun zuten jeltzaleek.
Bilduko ordezkariak bueltatzean, Uriartek Euskara Plana azaltzeari ekin zion berriro ere. ELAko ordezkariek, baina, oihuka jarraitu zuten, eta udalbatzak bozkaketara pasatzeko erabakia hartu zuen, Uriartek azalpenik ezin zuela eman argudiatuta.
Bozkaketaren ostean, Luis Ortuzarrek EAJren ezezkoari buruzko azalpenak eman zituen. Kasu horretan, Ortuzarrek ez zuen berba egiteko arazorik izan, ELAkoak isilik geratu baitziren. Jeltzaleen ordezkariaren berbetan, “Euskara Plana bultzatzearen alde azaldu gara beti, baina oraingoan ez da horrela izango”. EAJk elkarlanerako konpromisoa agertu arren, elkar ulertzea ezinezkoa izan dela esan zuen.
Ortuzarrek nabarmendu zuenez, “azalpen luzea eman nahi nuen, baina laburragaz konformatu beharko dut”. Haren hitzetan, akordioetara heltzeko konpromiso faltagatik, teknikarien betebeharretan kontraesanak daudelako, eta zinegotziek teknikarien eginkizunak bere gain hartuko dituztelako” bozkatu zuten kontra.