Haritz Orbe gernikarra
Haritz Orbek Euskadi taldearen lehen lasterketan parte hartuko du, Mallorcan. Gorka Gerrikagoitia herrikideak zuzentzen duen taldea maila handiko taldeen artean izango da XXIII Iberostar Challenge Ciclista a Mallorca lasterketan.
Orbe ondo entrenatzen eta gauzak ondo egiten ari dela azaldu du taldeko zuzendariak. Hala ere, beste taldeen maila ikusita, emaitza onak lortzea zaila izango dela gaineratu. “Beste taldeak aurretik beste lasterketa ugaritan parte hartu duten arren, gure taldea ezagutzera ematen saiatuko gara, lan ona egin eta taldearen itxura ona eman gura dugu”.
Lasterketak otsailaren 9tik 12ra arte iraungo du. Handik bueltan, Andaluziako, Murtziako eta Almeriako biretan parte hartzeko asmoa dutela azaldu du Gerrikagoitiak. Lasterketa ziklo hori bukatutakoan, hiru asteko atsedenaldia hartu eta Portugal eta Frantziara joateko asmoa daukate Euskadi taldeko txirrindulariek.