Iazko etenaldiaren ostean, barriro jarriko du martxan Bermeoko Udalak Bermesex Sexologia Orientazio Zerbitzua. Otsailetik abendura baliatu ahal izango da herritarra zerbitzuaz; hain zuzen, otsailaren 7an hasita, barikuetan izango du sexualitatearen inguruko kontsultak egiteko aukera.
Igor Erauzkin, Juan Karlos Agirre eta Iñaki Lopez, gaurko prentsaurrekoan.
“Sexua eta sexualitatearen bizipenean, modu onuragarriak bilatzeko zerbitzua ematea” da udalaren helburua. Hala, Igor Erauzkin Bermesex zerbitzuko arduradunak udalerriko gazteei lagunduko die “modu partikularrean nolakoak diren ezagutzen, onartzen eta adierazten, horrela, besteekin harremanak izateko modu onuragarriena bilatzeko”. “Norbera ezagutzen eta onartzen bada, eta ulertzen baditu bere desioak zeintzuk diren, errazagoa izaten da jakitea gustura sentitzeko moduak zeintzuk diren, eta, gustura sentituz, jakin ahalko du zer den berarentzako arriskutsua”, azaldu du Erauzkinek. Hala, gazteei zuzendutako zerbitzua den arren, inguruan dituzten guraso, senitarteko eta profesionalek ere erabili ahalko dute zerbitzua, azken finean, “eurak izan daitezkeelako gazteen irtenbidearen parte bat”.
Barikuetan aurrez-aurreko aholkularitza
“Beste ordutegi eta beste bide batzukaz” dakar aipatu zerbitzua udalak. Izan ere, lehen eguenetan ematen zen aurrez-aurreko aholkularitza, aurton barikuetan emango dute, 16:00etatik 17:30era, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Horrez gain, beste bide batzuk ere erabiliko ditu udalak zerbitzu hori emateko; horretarako, teknologia barriez baliatuko dira.
Zerbitzua hiru ataletan banatzen dela azaldu du Erauzkinek: batetik, kontsulta eredua lantzen dute; alegia, astero, aurrez aurreko aholkularitza eskaintzen diete kontsultara datozen herritarrei. Bestetik, programa eredua biltzen du zerbitzuak; horren baitan, ikastetxeekin elkarlanean, sexu hezkuntza programak lantzen ari dira orain. Hala ere, proposamen ezberdinak eraiki daitezkeela adierazi du zerbitzuaren arduradunak; hala nola, “guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, hitzaldiak eta informazio kanpainak”. Azkenik, teknologia eredua ere badu zerbitzuak; beste eredu bien gehigarria litzateke. Zerbitzu hori emateko, baliabide desberdinak jarriko dituzte martxan: batetik, internet bidez deiak egitea eta bat-bateko mezuak, bideokonferentziak edota fitxategiak trukatzea ahalbidetzen duen Skype aplikazioa erabiliko dute, “orientazio.zerbitzua” izenagaz; bestetik, telefono (668891334) bidez ere egin ahalko ditu kontsultak herritarrak, eta, azkenik, helbide elektronikora (bermesex@bermeo.org) ere mezua bidali ahalko du, zalantzak argitzeko.
2012an, esaterako, herritarren eskaera gehienak Messenger aplikazioaren (mezuak trukatzeko aukera ematen duena) bitartez ailegatzen zirela aitortu du Erauzkinek, eta egunean bat edo bi, behintzat, jasoten zituztela. Zuzeneko kontsultetara, barriz, hilean behin edo jo zuten herritarrek; dena den, bertaratzen zenak, normalean, 3-4 saio hartzen zituztela azaldu du. Saio txikiak eskaintzen dituzte normalean; hala ere, prozesu luze bat behar duten arazoak dituztenei, beste zerbitzu batera bideratzen ahalegintzen dira, “seguraski horren beharra izango dute eta”.
Zerbitzuaren garrantzia
Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Gazteria Saileko zinegotziak, bere aldetik, gazteentzako zerbitzu horren garrantzia nabarmendu du, “beraien hartu-emonetarako lagungarria eta onuragarria izan daitekelako”. Garrantzia horregatik zerbitzu hori martxan jartzeko, udalak “esfortzu ekonomiko handia” egin behar izan duela aipatu du. Era berean, ikastetxeetan egingo dituzten heziketa dinamika horiek gauzatzeko, Eleizalde ikastolak eta Iñaki Arozena Benito Barrueta ikastetxeak ere diruz lagunduko du zerbitzua. Gauzak horrela, Agirrek zerbitzua erabiltzera gonbidatu ditu herriko gaztetxo eta gazteak.