Kontserba enpresetako behargin bat
Bermeoko kontserba enpresako langileen %95 batu da deialdira, eta 12:00tatik 12:30erako tartean egin dute lanuztea. LAB sindikatuak azaldu duenez, negoziazio kolektiboaren erreforma tarteko, Bizkaiko kontserberen hitzarmenagaz zituzten lan baldintzak ezartzen jarraitu beharrean, joan den uztailean hitzarmen estatalekoak ezartzen hasi zen enpresa. Hortaz, egungo lan baldintzak “kaxkarragoak” direla esan dute.
Gaurko protesta ez ezik, LABek esan du aurrera begira ere Salicako beharginek lanuzteak egiteko asmoa daukatela, “beraien eskubide eta lan baldintza guztiak berreskuratu eta errespetatu arte”. Esan dutenez, enpresek hitzarmen estatala ezarri behar dutela dioen inongo legerik ez dago, eta, beraz, enpresak bi aukera dauzka: orain arteko lan baldintzak eta eskubideak errespetatzea, edo kontrakoa egitea. “Salicako zuzendaritzak bigarrena aukeratu du, enpresa honen egoera ekonomikoa oso ona izan arren”.