Inauterien atarian, bada zer ospatu eta zegaz gozatu inguruan. Beste hainbat tokitan legez, Busturialdean ere Kandeleria eta San Blas egunak ospatuko dituzte, argi eta doinu berezi artean. Bedeinkazioetarako tartea ere izango dute.
Iazko tostada txapelketa, Busturian San Blas jaiak direla eta.
Bermeoko Demiku auzoan, esaterako, Kandeleria jaiak ospatuko dituzte, eta, besteak beste, mus txapelketa, txupin jaurtiketa, umeentzako jolasak, meza, tostada lehiaketa eta mendi martxa izango dira bertan aukeran.
Ean eta Gernika-Lumon ere kandelek argituko dituzte kaleak otsailaren 2an, domekan. Eskolako umeak aterako dira etxez etxe abesten Ean, eta gauza bera egingo dute Gernika-Lumokoek, kalez kale.
Kandeleriaren hurrengo egunean ere, jai giroan murgilduta jarraituko dute askok; Busturian, esaterako, tostada lehiaketa eta pailazoak izango dituzte otsailaren 2an, eta meza, trikitixa eta pintxo poteoa hurrengo egunean.
Eako Bedaronan, hiru egun baliatuko dituzte sanblasak ospatzeko; hala, zapatuan, urteroko erakusketa zabalduko dute eta hurrengo egun bietan ere ikusgai egongo da. Zapatuan bertan, gainera, bolo txapelketan lehiatzeko eta herri afariaren ostean, musikaz gozatzeko aukera izango da. Astelehenean agurtuko dituzte sanblasak Ean, mezaren osteko hamaiketakoagaz.
Egitaraua
Kandeleria
Bermeo (Demiku auzoan). Asteburuan Kandelaria jaiak ospatuko dituzte Demikun.
– Otsailaren 1ean, 20:30ean, mus txapelketa egongo da.
-Otsailaren 2an, Kandelaria egunean, 08:00etan jaurtiko dute txupina, eta 11:30etik aurrera, umeentzako jolasak izango dira; 13:00etan, meza nagusia emongo dute; ostean, luntxa; eta ondoren, Demikuko auzoarteko tostada lehiaketa.
– Otsailaren 9an, 08:30ean, Demikuko VII. Mendi martxa luzearen (25km) hasiera; 10:00etan, mendi martxa laburraren (12km)hasiera.
Ea. Kandelaria egunean, otsailaren 2an, eskolako umeak aterako dira goizean zehar, etxez etxe abesten.
Gernika-Lumo. Otsailaren 2an, 19:30ean, meza ostean, Andra Mari eliza aurrean batuko dira herritarrak, Elai-Alai dantzari taldeak eta Segundo Olaeta Musika Eskolak elkarlanean egindako deialdiari jarraituz. Handik abiatuta, kandelerio kantua abestuko dute kalez kale.
San Blas
Busturia.
– Otsailak 2: 13:00etan, tostada lehiaketa, Axpeko elizpean (aurkezpena eta sari banaketa); 18:00etan, Irrien Lagunak, Aingerubideko aretoan.
– Otsailak 3: 12:00etan, meza nagusia; 13:00etan, trikitixa kalez kale; 13:30ean, pintxo poteoa tabernetan.
Ea (Bedaroa auzoan).
– Otsailak 1: 18:30ean, urteroko erakusketaren irekiera (Aurten, Jose eta Cruciren eskulanak ikusteko aukera izango da); 19:30ean, bolo txapelketa (banaka eta binaka jokatuko dute eta irabazleek txapel bana jasoko dute); 21:00etan, ohiko herri afaria herriko tabernan; ostean, Esteibar eta Obieta.
– Otsailak 2: 12:30etik 14:30era eta 17:30etik 19:30era, erakusketa irekiko dute.
– Otsailak 3: 12:00etan, meza; ostean, hamaiketakoa eta erakusketa, eskolan.