Uraren Euskal Agentziak (URA) Upeta erreka atontzeko lanak esleitu barri ditu 395.000 eurotan. Hala, obrekin datorren hilabetean hasteko asmoa erakutsi du Eusko Jaurlaritzako agentzia horrek, eta bost hilabetetan bukatzeko konpromisoa azaldu duela esan du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak.
Euriteak izaten direnetan, menditik datorren urak gainezka egiten duela eta, irtenbidea eman nahi izan diote; izan ere, Urkietak azaldu duenez, “urteak” daramatzate arazo berarekin. Egunotan ere nabaritu ditu Foruak euriteen ondorioak; “kotxeren abt edo beste arroilan sartuta geratu baita”.
Upeta errekak gainezka egin zueneko iazko argazkia
Hala, bost hilabete horietan, erreka garbitzeko lanak egingo dituzte, eta horregaz batera, arroila barriak ere egingo dituzte; azken finean, Upeta errekaren bideratzea dute helburu lanok, “urak gainezka egin dezan saihesteko”.
Lehenago ere, eskatua zuen Foruko Udalak errekaren bideratzeko obrak egin zitzaten; dena den, proiektuari zenbait ukitu eman behar izan dizkiote eta horrek lanen atzerapena ekarri duela aitortu du alkateak. Lurren desjabetzeari dagokionean, esaterako, jabeekin hartu-emona eduki nahi izan dute, eta horrek ere zertxobait atzeratu ditu beharrak. Hartu-emon hori “oso ona” izan dela aipatu du Urkietak; hala, “akordio oso batean oinarritutako hitzarmena” sinatu dute.
Foruko Udalak eta URAk, bestalde, 2011n sinatu zuten lan horiei buruzko hitzarmena. URA da obra horiek egiteaz eta zuzentzeaz arduratzen dena, eta udala, bestalde, lurren desjabetzearen ardura duena. Lurren desjabetze hori aurrera eramateko eta jabeei ordaindu ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza izan du Foruko Udalak %100ean, eta obrak URAk berak ordaindu ditu; beraz, udalak ez du ekarpen ekonomikorik egin behar izan.
Alkatearen ustez, lan horiek “oso beharrezkoak” dira herriarentzako. “Urteak daramatzagu egoera berean; negu guztietan itxi behar izaten ditugu bideak eta auzotarrek ezin izaten dute horietatik igaro; beraz, guretzako oso garrantzitsua da URAk hartutako erabakia”, azaldu du Urkietak. Obra horiekin, beraz, urak bere bidea hartzea, eta, hartara, arazoari “behingoz” irtenbidea ematea espero dute.