Muxikako herritarrek euskal presoen eta iheslarien aldeko elkartasun eguna antolatu dute, zapaturako. Ekimenagaz kartzeletan edota deserrian dauden euskal herritarrei babesa agertu nahi diete muxikarrek.
Elkartasun egunari triki-poteo bategaz emango diote hasiera. Hain zuzen, herriko hiru auzo bisitatuko dituzte parte hartzaileek. 18:00etan, esaterako, Ajuria auzoko plazan batuko dira muxikarrak, 19:00etan Gorozikan, eta 20:00etan Ariatzan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldi nagusia Ariatzan egingo dute, triki-poteoa amaitu ostean. Hain zuzen, ekitaldia 20:15 aldera hastea aurreikusten dute. Elkartasun egunari amaiera ona emateko, bestalde, txartela erosten duten herritarrek afaria jateko aukera izango dute, Ariatzan bertan. Sarrerak Muxikako Galtzada tabernan, eta Gernika-Lumoko Arrano eta Lagun Etxea tabernetan erosi daitezke, 20 euroren truke.