Iazko ezeguneen Eguna, Urdaibai Bird Centerren
Otsailaren 2an eskainiko bisita gidatuak, domekan. Ordu eta erdiko iraupena edukiko dute bisitek, eta doakoak izango dira. 11:00etan izango da euskarazkoa, eta 11:30ean gaztelerazkoa. Talde bakoitzean gehienez hogei lagun batu ahalko dira. Dena den, audiogida zerbitzua ere erabili ahalko da, goiz osoan zehar.
Aranzadik kudeatzen duen zentroan dituzten azpiegiturak ezagutzeko balioko dute bisita gidatuek, baina, horrekin batera, Gautegiz Arteagako hezeguneetan eta paduretan dauden hegaztiak ezagutaraziko dituzte. Horrez gain, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hezeguneak ezagutzeko eta interpretatzeko aukera egongo da, bi orduko ibilbide naturalistiko baten bidez. Hezeguneak ezagutzeko irteera 10:30ean izango da, eta bi orduko iraupena edukiko du.
Aukera ona da Urdaibai Bird Centerrek eskaintzen duena, Hezeguneen Nazioarteko Egunak bat egiten baitu Europako hegaztien negu-pasaren gorenarekin. “Hori dela eta, urteko sasoirik hotzenetan ehunka hegaztik negua pasatzeko eremu modura hartzen dituzte Gautegiz Arteagako padurak. Ikusiko ditugun hegaztien artean aipatzekoak dira, besteak beste: mokozabala, kuliskak, hegaberak, lertxun hauskarak, martin arrantzaleak, uroilak, txilinportak eta espezie askotako ahateak”.
Bisita gidatuetan parte hartzeko erreserba egiteko gomendioa egin du Urdaibai Bird Centerrek. Horretarako zein informazio gehiagorako 699-839 202 telefono zenbakira dei daiteke.