Joan den abenduan, Rhointer-Cantra enpresa talde kantabriarrak Gernika-Lumoko Cumenager eta Servicios de Mesa enpresak erosi zituela zabaldu zuten komunikabideek. Enpresa bi horiek Cruz de Malta, Dalia eta Meneses mahai tresna enpresen ondorengoak dira. Cumenager mahai tresnak ekoizteaz arduratzen zen, eta Servicios de Mesak, bestalde, produktu horiek merkaturatzen zituen. Azken urteetako krisi larriak kaltetuta, baina, konkurtso lege baten murgilduta zeuden Gernika-Lumoko enpresak. Komunikabideek zabaldu dutenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduna gakoa izan zen Rhointer-Cantra erakartzeko, baina sindikatuak ez daude guztiz ados.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek nabaremendu dutenez, Gernika-Lumoko mahai tresna enpresaak desagertu ez badira, langileek egindako esfortzuarengatik dela deritzote. Hala, langileen jarrera eta elkartasuna txalotu dituzte sindikatuek. “Horiengatik izango ez balitz, aspaldi zarratuko lituzkete bertoko enpresak”.
Komunikabideetan irakurritakoaren arabera, gaur egun lantaldean dauden beharginek, 2017ra arte izango lukete ziurtatuta lanpostua. Sindikatuek azaldu dutenez, “otsailerako beharginak lanean egon behar zirela esan zuten, baina momentuz ez da horrela”. Dena den, “laster” hasiko dira lanean berriro.
Rhointer-Cantra enpresa
Rhointer-Cantra enpresa 1988an sortu zuten. Gaur egun etxeko tresneria, etxetresna elektrikoak, berogailuak eta aire girotuak atzerrira esportatzeaz arduratzen da, batez ere. 2012an, esaterako, 39 milioi euro fakturatu zituen Kantabriako (Espainia) enpresak.