ESAITeko kideen agerraldia
Bihar Batzar Orokorren saioa dago Gernika-Lumon, eta, besteak beste, 2020ko Eurokopa izango dute batzarkideek eztabaidagai. Euskal selekzioa 2020ko Eurokopan egotearen aldeko ibilbidea hasi duela eta, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) bilkura egingo du juntetxe aurrean, 12:00etan. 2014ko Eurokoparako San Mames zelaiaren hautagaitza bultzatu edo ez ere izango dute eztabaidagai biharko saioan.
ESAITek esan du ez dagoela 2020ko Eurokopa San Mamesen jokatzearen aurka, baldin eta euskal selekzioa bertan bada: “Euskal selekzioa nazioartean lehiatzen ikustea da espero genezakeen oparirik onena”. Eta bide horretan urratsak egiteko deia egin nahi izan du. “Ofizialtasunaren auzia ez da kirol edo lege auzi bat, auzi politikoa da”.
ESAITen ustez, azken asteetan instituzioetako hainbat ordezkarik euskal selekzioaren alde egindako adierazpenak ez dira nahikoa, “urratsak egin behar dituzte”. ESAITen arabera, “esparru politikoari dagokio gizartean dauden arazo eta aldarriei irtenbidea ematea”. Horretarako, gehiengo sozial eta instituzionala “artikulatu” eta ados jartzea beharrezko ikusten dutela nabarmendu zuen: “Bada garaia ofizialtasunaren alde gauden guztien artean estrategia bat adostu eta urratsak egiten hasteko”.
Hori gauza dadin, batzorde bat sortzeko beharra nabarmendu zuen ESAITek, eta hori osatzera begira harreman bira bat egingo dute. “Batzordean selekzioaren alde dauden guztiak bildu nahi ditugu”. Alderdi politikoak, Euskadiko Futbol Federazioa, jokalarien ordezkaritza eta eragileak aipatu zituen. Askasibarrek esan zuen instituzioetan ez ezik kalean ere aldarrikapenak presente egon behar duela eta “gehiengo sozialaren artikulazioa” beharrezkoa dela.
Etzi Bilboko Udaleko osoko bilkuran jorratuko dute gaia: “Bilboko udalak ere aldarrikapena helarazi beharko lioke Espainaiko Futbol Federazioari”. Egun horretarako ere protesta deitu du ESAITek. Bilboko udaletxearen aurrean batuko dira, 12:00etan.