Txomin Arana: "Dakarrera doazen gidariak zoratuta daudela esan izan dut beti, eta begira orain"
Txomin Arana Ereñoko moto gidaria bikain moldatu da Dakar Rallyan parte hartu duen lehen aldian. Lasterketa amaitu duen lehen bizkaitarra izateaz gain, Dakarra amaitu duen euskal gidari hoberena ere bada Ereñoko gaztea. Hain zuzen, 56. postuan amaitu du munduko rallyrik gogorrena. Emaitza hobea lortzeko aukera ere izan zuen Aranak, baina pozik da lortutakoagaz. «Dakarreko helmugara heltzen diren gidari guztiek amaitzen dute pozarren», dio. Hego Amerikatik bueltan, herrikideen eta lagunen babesa jaso zuen Loiuko aireportuan. Bihar, bestalde, Ereñon bertan egingo diote harrera. Gabika auzotik Eleizaldera moto martxa bat egingo dute zaleek, besteak beste.
Dakarrera joan aurretik lasterketa oso gogorra izan behar zela esan zenuen. Hala izan al da?
Dakarrera joan aurretik esan nuen bezala, oso gogorra izan da. Txarrenean pentsatzen joan nintzen, zer gerta zitekeen jakin barik, eta ondo egin dudala baieztatu dit lasterketak berak. Ikaragarri gogorra izan da. Dakar batean edozein huskeriagatik gera zaitezke kanpoan.
Dakarra amaituta, hala ere, pozik egongo zara, ezta?
Oso pozik nago. Helburua Dakarra amaitzea zen, eta asko kosta zaidan arren, soberan bete dudala uste dut. Urtero-urtero hainbat parte hartzailek utzi behar izaten dute lasterketa, baina helmugara heltzeko indarra izan dut.
Dakarra amaitu duen lehen moto gidari bizkaitarra zara, eta euskal gidari batek lortu duen emaitzarik hoberena eskuratu duzu. Poztasuna bikoitza al da?
Egia esan, ez nekien horrela zenik. Nire helburua Dakarra amaitzea zen, bestelako datuei erreparatu barik. Dakar bat amaitzen duen edozein gidari sentitzen da lainoetan. Hala ere, poztasun handia ematen du lasterketa amaitu duen lehen bizkaitarra eta euskal gidari hoberena izateak. Ezin dezaket gehiago eskatu.
Labur esanda, nola deskribatuko zenuke Dakar Rallya?
Ikusgarria da Dakarra definitzeko berba. Hasiera-hasieratik jende mordoa batzen da gidariei animoak emateko. Argentinan, esaterako, jende andana zegoen ibilbidean zehar. Zaletasun handia dagoela iruditu zitzaidan. Gidarientzat, bestalde, lasterketa ikaragarri gogorra da. Ez dute alferrik esaten munduko rallyrik gogorrena dela.
Paisaia eder horiez gozatzeko aukerarik izan al duzu?
Lehenengo egunetik ziztu bizian joan gara, baina paisaia oso ederrak ikusteko aukera izan dut. Adi-adi joan behar nuen lasterketan, baina ingurura begiratzeko denbora ere izan dut.
Esperientzia aberasgarria izan al da Dakarra lehiatzeko aukera izatea?
Esperientzia oso aberasgarria izan dela deritzot. Motoei eta gidaritzari buruzko gauza asko ikasi ditut lasterketak iraun dituen bi asteetan.
Zer izan da gehien harritu zaituena?
Irteerako ekitaldia oso berezia izan zen niretzat. Zale asko joan ziren Dakarraren hasiera ikustera, eta hunkitu egin nintzen. Argentinako etapak ikaragarriak izan ziren zale asko eta asko biltzen baitziren ibilbidean. Bolivian ere zaletasun handia zegoen.
Beti esan izan dut inoiz ere ez nintzela Dakar Rallyra joango. Lasterketa lehiatzen zuten gidariak zoratuta zeudela esaten nuen, baina begira orain”
Dakarra oso gogorra izan dela esan duzu, baina orain munduko lasterketarik gogorrena amaitu duzula esan dezakezu. Imaginatzen al zenuen horren urrun helduko zinenik?
Egia esan, ezin nuen ezta imaginatu ere. Beti esan izan dut inoiz ere ez nintzela Dakar Rallyra joango. Lasterketa lehiatzen zuten gidariak zoratuta zeudela esaten nuen, baina begira orain [barreak]. Aukera izan dudanean, gehiegi pentsatu barik joan naiz.
Momentu latzak pasatu dituzu lasterketan. Zeintzuk izan dira txarrenak?
Momenturik txarrenak motorra apurtu zitzaidanekoak izan ziren. Etxerako bidea hartu beharko nuela ere hasi nintzen pentsatzen. Gasolinaren ponpa hutsegiten hasi zen, eta Dakarretik kanpo sentitzen nintzen une haietan. Hala ere, zenbait kablek sortutako matxura konpontzea lortu nuen, aurrera jarraituz. Egun horretan denbora asko galdu nuen, eta lo egiteko denbora gutxi izan nuen.
Azkenaurreko egunean lurrera erori nintzen 80 kilometro orduko abiaduran nindoala. Kolpe gogorra hartu nuen, baina motoa martxan jarri eta helmugara heldu nintzen. Beste kolpe txikiren bat ere hartu nuen, baina ikusgarriena azkenaurreko etapakoa izan zen.
Eskua minduta dakarzu.
Bai. Ospitalera jaon naiz eta hezurren bat apurtuta izan dezakedala esan didate. Eskuko minak, hala ere, ez zuen eraginik izango lasterketan; berdin-berdin amaituko nuke Dakar Rallya.
Eta momenturik onena zein izan da?
Helmugara iritsi nintzenekoa izan dela esango nuke. Azken egunekoa etapa laburrenetakoa izan arren, oso luzea iruditu zitzaidan. Helmugara ez iristearen beldur, lasai-lasai egin nituen kilometroak. Azkenengo egunean ere edozer gerta zitekeela pentsatuz hasi nuen etapa.
Helmuga zeharkatzean zer pasa zitzaizun burutik?
Helmugara heltzean burutik pasa zitzaidan gauza bakarra zera zen: «Kitto! Heldu gara helmugara!» [barreak].
Lehiatuko al zenuke Dakarra berriro ere?
Errepikatzeko gai ikusten dut nire burua, egia esan. Ez da erraza izango, diru asko behar baita, baina, aukera izanez gero, berriro joango nintzateke.
Behin lasterketa amaituta, etxera heltzeko gogoa al zeneukan?
Ereñora bueltatzeko gogo ikaragarria neukan. Loiuko aireportuko bezalako ongi etorriekin, gainera, gustura buelta zaitezke etxera [barreak]. Ez nuen espero horrenbeste jende aurkitzea, eta hunkitu egin naiz. Herrikideen eta lagunen errekonozimendua jasotzea ederra da.
Asteburuan Ereñon bertan egingo dizute ongi etorria. Dakarra baino gogorragoa izango al da asteburuko jaia?
[Barreak] Hori esaten ari dira lagunak. Telefono barik ibili naiz, baina zerbaiten berri izan dut Hego Amerikan nengoela. Dakarretik osorik bueltatu naizela ospatzeko jai giroan murgilduko naiz. Polita izango da, egia esan.
