3 eta 6 urte bitarteko umeentzako Kontuleku tailerra jarriko dute martxan Bermeon
Tailer horren helburua “haurren artean literaturarekiko zaletasuna piztea” da. Hala, 3 eta 6 urte bitarteko haurrek liburuekiko maitasuna izatea eta ahozko literaturaren eta irudimenaren munduari esker, umeen eta gurasoen arteko harremanak sendotzea izango dira, besteak beste, Bermeoko Udal Liburutegiaren helburuak.
Hain zuzen, otsailaren 12an jarriko dute martxan Kontuleku tailerra, eta apirilaren 19ra bitartean, eguaztenero bilduko dira udal liburutegian. Talde bitan banatuta parte hartuko dute interesatuek: batetik, 3 eta 4 urtekoak izango dira, 17;00etatik 18:00etara batuko direnak; bestetik, 5 eta 6 urtekoek parte hartuko dute, 18:00etatik 19:00etara. Betiere, talde bakoitzean 8 umek parte hartu ahal izango dute, guraso banarekin. Parte hartu nahi dutenek liburutegian eman beharko dute izena, doan.
Egun eta ordu horietan, beraz, hainbat gai landuko dituzte; horien artean, esaterako, psikomotrizitatea, estimulazio goiztiarra eta harremanak. Egun bakoitzean jarduera eta gai zehatz bat landuko dutela jakinarazi dute liburutegitik. Hala, gurasoek bibliografia eta etxean lantzeko zenbait jarraibide jasotzeko aukera izango dute, nahi izanez gero.