
“Lehenago saiatu den modura”, EAJk Busturialdeko Ur Partzuergoa “ito” nahi duela salatu du EH Bilduk. Dioenez, “erabat bideraezin” bilakatu nahi du partzuergoa, hondamendira eramanez. Hala, Bilbao Bizkaian integratzera behartzea zen jeltzaleen “plan iluna”, EH Bilduren esanetan.
Hala ere, Busturialdeko Ur Partzuergoak bere egoera suspertzea lortu duela dio orain kudeaketaren ardura duen koalizioak: “Zorrak kitatu ditu, inbertsioak bultzatu eta uraren kudeaketa zuzenean sakontzeko pausoak emateko gai izan da”. Alegia, norabide “sendoa” hartu du, eta horrek guzti horrek, EH Bilduren ustez, urduri jarri du EAJ, eta “burugabe” ari da jokatzen. “Orain aste batzuk Urdaibaiko saneamendu azpiegiturak bukatzeko inbertsioa Bilbao Bizkaia Partzuergoko integrazioarekin lotu zuen, ezinbesteko baldintza modura ezarriz, mehatxu lotsagarria eginez. Orain, saneamenduko lanak egiteko lanpostu publikoen lan poltsaren oinarriak errekurritu ditu”.
Partzuergoak zorrak kitatu ditu, inbertsioak bultzatu eta uraren kudeaketa zuzenean sakontzeko pausoak emateko gai izan da”
EH Bilduk dioenez, lanpostu publikoen sorreraren aurkako eraso horrek azpikontratatutako langileen aldeko jokabide modura saldu nahi izateak ez du sinesgarritasunik, eta EAJren benetako asmoak bestelakoak dira. Gainera, koalizioak aipatu duenez, Busturialdeko Ur Patzuergoa “itotzen” saiatu izan da EAJ: “Kudeaketa arduragabea eginez, ia hiru milioi euroko zorra sortu zuen”, ur partzuergoaren etorkizuna konprometituz. Horregatik, Busturialdeko Ur Partzuergoa Busturialdetik kudeatzeko asmo sendo eta zintzoa berretsi du EH Bilduk.