
Etorkinak eta euskal jatorriko herritarrak, Gernika-Lumoko ekitaldi batean
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jakinarazi duenez, “2013an antzemandako beheranzko joera baieztatu” egin da, eskualdean erroldatutako atzerritarren kopuruak “nabarmen” egin duelako behera. Hain justu, iaz baino 163 pertsona gutxiago daude erroldatuta aurten, %7,5 gutxiago. Horrenbestez, aurtengo datuak “2011. urtekoen parekoak” direla esan du mankomunitateak.
2013. urte hasieran 2.173 ziren atzerritik etorri eta Busturialdean erroldatutako lagunak, eta aurten 2.010 dira denetara. “Erregistratutako baja gehienak eskualdetik alde egin duten pertsonei” dagozkiela esan du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, baina espainiar nazionalitatea hartu duten pertsonak ere badirela zehaztu du. “Kontuan hartu behar da espainiar nazionalitatea gero eta etorkin gehiagok jasotzen dutela, batez ere Latinoamerikatik iritsitakoek, eta, horrenbestez, erroldetan ez direla atzerritar gisa ageri”.
Mankomunitatea osatzen duten hemezortzi udalerrietan errodatuta dauden 2.010 atzerritarrek eskualdeko biztanleriaren %6,9 osatzen dute. Portzentaia hori kontuan hartuz gero, Bizkaiko eta Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) datuekin parekatu da Busturialdeko etorkin kopurua. Bizkaian %6,4koa da atzerritik iritsitako pertsonen kopurua, eta EAEn %6,8.
Jatorriari dagokionez, Europar Batasunetik heldutakoak dira %59,5. Horietatik gehienak, Errumaniatik iritsitako lagunak dira. Hain zuzen, Errumaniako 1.009 pertsona bizi dira Busturialdean. Europatik kanpoko herritarrak, bestalde, Ertamerikatik eta Hego Amerikatik heldu dira gehienbat. Hain zuzen, 381 lagun inguru iritsi dira Argentinatik (71), Boliviatik (66), Brasildik (64), Paraguaitik (49), Ekuardortik (21), Kolonbiatik (20), Perutik (16), Kubatik (16), Mexikotik (16), Venezuelatik (12) eta Nicaraguatik (12). Etorkinen nazionalitateekin amaitzeko, afrikarrak Marokotik (65), Saharatik (61) eta Senegaletik (45) etorritakoak dira gehienak; eta asiarrak, bestalde, Txinatik (49) eta Pakistandik (25) heldutakoak.