'Saturnalia' izeneko diskoa kaleratuko du Naica taldeak bihar
Carlos Noain hondarribitarraren eta Naia Mandaluniz gernikarraren ekimenez 2011n New Yorken (AEB) ernatutako taldearen bigarren diskoa da barikuan argia ikusiko duena. Santi Noain, Mikel Azkona eta Dabid Martinezekin batu ondoren, boskote legez eratu zen Naica, eta 2012an kaleratu zuen bere lehen lana, Fish Taco izenekoa.
Boskoteak bederatzi abesti berri bildu ditu Saturnalian. Iaz egin zituzten grabaketak, Berako Mik estudioetan. Lehenengoagaz alderatuta, bigarren honek “erritmo gehiago” daukala esan dute. Fish Taco-n ingelesezko eta euskarazko kantak jaso zituzten, baina oraingoan gaztelerara jo dute abestiak sortzeko. Behin diskoa kalean, Internet bidez dohainik deskargatzeko aukera emango du Naica taldeak, baina baita CDa erosteko ere. Emango dituzten kontzertuetan jarriko dute lana salgai.
