Gaur aurkeztu dute Irune Ormaetxea kirol zinegotziak eta Jon Iturbe Taraska Atletismo taldeko ordezkariak urtarrilaren 26an egingo den lasterketa “herrikoia eta soziala”. “Adin guztietarako” lasterketa izango dela jakinarazi dute, eta horien artean, nesken presentzia indartu gura dute antolatzaileek hamargarren edizioan; izan ere, umeen artean parte hartze parekatua izaten den arren, nagusietan, alde handia egon ohi da emakume eta gizonezkoen parte hartzeari dagokionean.

Itxaro Zabala Udal KIrol Patronatuko zuzendaria, Irune Ormaetxea Kirol zuzendaria eta Jon Iturbe Taraska Atletismo taldeko ordezkaria
“Kirolaren garrantzia eta bere onurak” herritar guztien artean zabaldu gura dituzte lasterketaren antolatzaile Bermeoko Udal Kirol Patronatuak eta Taraska Atletismo Taldeak; hori horrela, ume, txiki, gazte zein helduek izango dute lasterketan parte hartzeko aukera. Nagusiek emango diote hasiera lasterketari 11:00etan, eta 8 kilometro izango dituzte egiteke aurretik. Horiek bukatuta, gazteen korrikaldiak–11 eta 14 urtera artekoak– jarraituko du 12:30ean; kategoria horretakoek 1.500 metro egin beharko dituzte. Ondoren, txikiek –7 eta 10 urte artekoek–hartuko dute lekukoa, 12:50ean; kasu honetan, 800 metro egin beharko dituzte korrika. Azkenik, 3 eta 6 urte bitarteko umeek parte hartuko dute, 100 metroko ibilbidea eginez. Halaber, 11 ta 14 urte arteko gazteek ere parte hartu ahal izango dute nagusien lasterketan; betiere, pertsona heldu batekin korrika eta gurasoen baimenagaz. Adin batekoa zein bestekoa izan, guztiak hasiko dute martxa Lameratik.
“Kirola federatuen gauza ez ezik, guztiena delako, eta eta kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea delako” herritar guztiak gonbidatu dituzte lasterketan parte hartzera, “kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea” baita antolatzaileen nahia.
Aurretiaz izena ematea gomendatzen dute
Hala, parte hartu nahi duenak aurretiaz izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek; horretarako, Bermeoko Araneko kiroldegira jo beharko dute. Hala ere, azken unean parte hartzea erabakitzen duten horientzako lasterketaren egunean bertan izango dute izena emoteko aukera, 10:45ean Lameran. Ume, txiki eta gazteen kasuan euro bana ordaindu beharko dute, eta, nagusiek. barriz, euro bina. Izena emateko orduan korrikalari bakoitzak dotsal bana jasoko du, lasterketa egunean eramateko.
Lasterketa bukatuta, parte hartzaileek janari eta edatekoa jasoko dutela esan dute antolatzaileek; gainera, dutxatzeko aukera ere izango dute Arane kiroldegian.