Zubieta Errota eraikina eta Galtzada aurrealdean dagoen aparkalekua lotzeko bideak aurrera egin du: Ugarte erreka zeharkatuko duen oinezkoentzako pasabidea egina dute dagoeneko; orain, ingurua egokitzea baino ez du falta Muxikako Udalak. Hartara, Kurtzero auzoan garraio publikoa hartzen duten eskualdeko biztanleek autoa aparkalekuan bertan uzteko eta zerbitzu publiko hobea izateko aukera edukiko dute aurrerantzean.

Galtzada aurreko aparkalekutik sarbidea eman behar dio udalak, eta, horretarako, ingurua urbanizatu beharko du; alegia, espaloia egin beharko du, eta zenbait kale-argi ere jarri beharko ditu. Bestetik, zubiaren bitartez, medikuaren kontsulta ere lotuko du udalak, maila berean, inolako aldats barik. Azkenik, farmaziaranzko espaloia ere egin beharko du. Horri guztiari seinaleztapena gehitu ebharko diote, aparkalekua non dagoen zehaztu beharko dute, beteak beste. Hala, lan horiek eginda, “proiektua borobilduta” geratuko litzateke, Muxikako alkate Aitor Goldarazen arabera.
Plaza berreskuratzeko asmoa
Zubieta Errota aurreko plaza, bestalde, berreskuratzeko asmoa erakutsi du udalak; dena den, hori bigarren fase batean egin beharko dela aurreratu du. “Auzokoentzako aparkaleku batzuk utzi behar dira, eta udalaren zerbitzua betetzeko ere gorde behar dira; hala ere, hori guztia proiektuaren funtzionamendua ikusi ostean egin beharko dugu”, aitortu du Goldarazek.
Egurrezko pasabide hori oraintsu sortu badute ere, berau eraikitzeko proiektua ez da barria; izan ere, jan den agintaldian hasi zen bere bidea egiten. Orduko hartan, dena den, Uraren Euskal Agentziak (URA) ez zuen proiektua onartu, ustez, zubiak berak ez zituelako beharrezko zenbait neurri betetzen. Hori dela eta, proiektu barria aurkeztu zuen Muxikako Udalak, URAren eskaera betez.