
Mugaz muga ibilaldia artxiboko irudian
Gernikazarrak antolatuta, domekan Gernikaren eta Lumoren bateratzea gogoratuko dute bertoko herritarrek, ibilaldi gidatu bategaz. Duela hamarkada bat baino gehiago hasi ziren martxa antolatzen. Hala, dagoeneko, ohitura bihurtu da gernikarren artean.
Ibilaldian zehar, parte hartzaileek herriko historia taldeko kideeen azalpenak entzuteko aukera izango dute, Gernikako eta Lumoko gune interesgarrienak bisitatuz. Besteak beste, Lumoko Udaletxe zaharra eta herri biak bereizten zituzten mugarriak bisitatzeko aukera izango dute interesatuek.
Gernikazarrak, 08:45ean jarri du hitzordua udaletxearen aurrean. Ibilaldi gidatua, bestalde 09:00etan hasiko da. 12:30ak aldera, emango diote amaiera irteerari.
Historia apur bat
Gernikak eta Lumok 1882ko urtarrilaren 8an elkartu ziren, baina harreman gatazkatsua izan dute hainbat mendetan. Hain zuzen, industria eta aberastasuna erakartzeko asmoz batu ziren bi herriak. Gernikak legedi egokia zuen industria garatzeko, baina ez lursailik. Lumok, bestalde, lursail ugari zituen, baina lege egokirik ez.
Erdi Aroan Lumoren auzo bat zen gernika. Egoera, baina, zeharo aldatu zen, Don Tellok Gernika hiribildu bihurtzean. Hain zuzen, 1.366an sortu zuen Gernika. Mendeetan zehar, Lumo bere lursailak berreskuratzen saiatu zen, baina arrakastarik barik.