Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak antolatuta emango dute Bermeon argazkilaritza ikastaroa. Hastapen maila dutenenetzako izango da, eta otsailaren 1ean hasi eta apirilaren 5era arte gauzatuko dute. Guztira, 30 ordu beharko dituzte horretarako. Apirilaren 5era artean, beraz, zapatu goizetan bilduko dira Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, 10:00etatik 13:00etara.
Plaza mugatuak dira; beraz, izena ematea beharrezkoa da. Dagoeneko badu horretarako aukera Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan. Izena ematerako orduan, 35 urtera arteko gazteek eta Gazteria Zerbitzuen barruan dauden herrietako gazteek izango dute lehentasuna.
Parte hartu nahi dutenek 20 euro –Gazteria Zerbitzuen barruan dauden herrietan erroldatutakoek–ordaindu beharko dituzte ikastaroa egiteko.

David Martinek emango du Madariaga Dorretxeko ikastaroa. Argazkilaria: David Martin.
Madariaga Dorretxean, asteburuan
Euskadiko Biodibertsitate Zentroa-Madariaga Dorretxean, bestalde, asteburu honetan egingo dute argazkilaritza ikastaroa. Hain zuzen, gaueko argazki, esposizio luze eta irudi prozesatze ikastaroa izango dute aukeran. “Gaueko eta paisaien argazkilaritzan trebatzea” helburu, hitzaldi teorikoak zein ariketa praktikoak izango dituzte ikastaroan parte hartzen dutenek.
Teknika ezberdinak landuko dituzte, eta, besteak beste, esposizio denbora, gauaren osaketa, fokatzea eta argirik ezak dakartzan arazoak landuko diuzte, Horregaz batera, “astronomiaren hastapena, irteerak nola prestatu, erabiliko den software-a, RAW Kimera erabilita gaueko RAW-a nola errebelatu eta photoshop-aren edizioa nola egin ere” ikasteko aukera izango dute, “soinua gutxitzea, kapen isolatzea, fokatzea eta sorkuntza prozesua ahaztu gabe”.
Klase teorikoetan ikasitakoa gauez egingo dituzten irteeretan jarriko dute praktikan; hala, parte hartzaileek ateratako argazkiak proiektatuko dituzte, eta teknikari eta estetikari erreparatuz komentatuko dituzte. Halaber, ordenagailu bitartez irudiak nola tratatu daitezkeen azalduko dute, eta, horretarako, parte hartzaileek ateratako argazki batzuk erabiliko dituzte adibide gisa.
David Martín Castánek emango du ikastaroa, eta interesa duenak
tucucumba@hotmail.com helbidera idatzi beharko dio mezua. Ikastaroaren prezioa 80 eurokoa da parte hartzaile bakoitzeko.
Madariaga Dorretxeko egitaraua:
Urtarrilak 11, zapatua
09:30ean: Aurkezpena / Ikastaro teorikoa
11:30ean: Atsedena
12:00etan: Ikastaro teorikoa
14:00etan: Atsedena-Bazkaria
16:00etan: Gaueko irteera prestatzea eta zalantzak
18:00etan: Gaueko irteera (tailerrean aukeratutako tokia)
03:00etan: Gaueko irteeraren bukaera
Urtarrilak 12, domeka
11:00etan: Errebelatzea/Edizioa
14:00etan: Tailerrean egindako argazkiak
15:00etan: Tailerra bukatzea