
Karmelo Landa
«Gu zigortzeko, Justiziaren aurka doan prozedura erabiltzen ari dira». Hala dio 35/02 auzian auzipetuta dagoen Karmelo Landa eatarrak. Gabonak osteko lehen auzi saioa egingo dute gaur Madrilen, eta martxoaren 19a bitartean, 22 saio izango dituzte auzipetuek. Landaz gain, beste 35 lagun ari dira auzipetzen
Batasuna auzia edo
Herriko tabernen auzia izenez ezagutzen den horretan; tartean, Jon Martinez Sukarrietako bizilaguna.
Fiskaltzaren, akusazioaren eta polizien txanda zabalduko da orain. Horren berri emateko agerraldia egin zuten atzo Sabin del Badok, Jon Gorrotxategik eta Landak berak —hirurak dira
herriko tabernen sumarioko auzipetuak—.
Ondorio «oso larriak» atera dituzte auzipetuek datozen saioei begira: Justiziaren «okertzea» eta prozedura penalaren «bihurritzea» salatu zuten.
Abenduan jaso zuten datozen hilabeteotan auzian emango diren pausoen aurrerapen txostena, eta dokumentua zuzenbidean eta zigor legeetan adituak diren hainbat kiderekin aztertzen aritu dira ordutik. Landak adierazi zuen jarritako egutegia eta plangintzak interpretazio gardena duela: «Fiskaltzak eta akusazioak hilabete hauetarako prestatu dute beraien erasoa». Esan zuten
ez dutela froga objektiboetan oinarritutako akusaziorik eta, ondorioz, poliziak peritu lanetan arituko direla horien aurkako akusazioa egiteko.
Gaur abiatuko dira Madrilera, eta datozen bost egunetan 19.242 eta 18.350 polizia zenbakidunak arituko dira deklaratzen. Baina ez dira polizia gisa joango, peritu tituluarekin joango dira Auzitegi Nazionalera. Landaren arabera, aurretik egon diren bestelako sumario politikoetan aritutakoak dira bi horiek, besteak beste,
Euskaldunon Egunkaria, Udalbiltza, Bateragune eta 18/98 auzietan. «
Makroepaiketa guztien jatorrian dauden polizia berak dira». Adierazi zuenez, tesi bakarra defendatzen dute: «Dena da ETA, hortaz, talde armatuko kide delitua denentzat».
Bi polizia horiek ez dira akusazio lanetan arituko diren bakarrak izango. Landak azpimarratu zuen
irudi bera errepikatuko dela martxoa bitarteko saio guztietan. Urtarrilaren 23 eta 24an sei polizia izango dira; otsailaren 6tik 12ra, hamabi; otsailaren 27tik 28ra, zortzi polizia. Horiek guztiek aurrekoek esandakoari «amen» egingo diote, Landaren iritziz. «
Sumarioa fabrikatu zuten polizia berberak peritu eta aditu bihurtu dituzte goizetik gauera», salatu zuen Landak. Azpimarratu zuen «jazarpenerako poliziak» direnak ezin dutela peritu zientifikoen edota «adituen» lan hori egin. Era horretan, zigor prozedura «okertu» egiten dela adierazi zuen Landak: «Perituaren edo zientifikoaren esanak frogatutzat ematen dira».
Zuzenbidearen aurka doan prozedura erabiltzen ari dira gu zigortzeko helburu argiarekin”
Zigor prozeduraren arabera, kargu objektibo eta pertsonalizatuetan oinarritutako frogak aurkeztu behar dira akusazioa egiteko. Auzipetuek salatu zuten alderantzizko bidea egiten ari direla 35/02 sumarioaren epaiketan. «Peritu bihurtutako polizien ondorioak hartzen dira frogatzat», eta irizpide judizialak ordezkatzen dituzte era horretan: «
Zuzenbidearen aurka doan prozedura erabiltzen ari dira gu zigortzeko helburu argiarekin». Akusazioaren, fiskaltzaren eta Espainiako Gobernuaren asmoak agerian geratu direla adierazi zuen Landak: «Auzitegi Nazionala erabiltzen ari dira zigor antidemokratiko bat ezartzeko». Helburu bakarra dutela esan du: «Bakebideari, demokraziari eta justiziari oztopoak jartzea». Ez dute halakorik onartuko: «Euskal Herriak askatasuna eta bakea behar ditu garai berriotan».
Urria eta abendua bitarte auzipetuen eta fiskaltzaren lekukoen deklarazioen txanda izan zen. Gorrotxategik adierazi zuen
orain arteko saioetan akusatuen lan politikoa izan dela argi geratu den bakarra: «Bilera politikoak, prentsaurrekoak eta elkarrizketak zeuden fiskaltzaren lekukoen akusazioetan». Salatu zuen froga gisa Poliziaren jarraipenak besterik ez dituztela izan orain arte.