
Janari bilketa, otsailean.
Joan den otsailaren 22an hasi zuen bere ibilbidea Bermeoko elkarte horrek, eta geroztik, herriarengandik laguntza asko jaso dutela aitortu dute. Hori dela eta, herritarrek adierazitako elkartasuna eta eskuzabaltasuna eskertu beharrean aurkitu da elkartea. Izan ere, horiei, saltokiei, enpresa pribatuei, Bermeoko Udalari, eta norbanakoei esker, ia 400 bat herritar lagundu dituzte, besteak beste, janaria, arropa eta jostailuak emanez.
Era berean, elkartea osatzen duen taldea eskertu gura izan du Kate Sareak; “borondatez eta bere denbora eta ardura eskainiz, egunero, ilusioa, indarra eta talde-lana erakusten beharrean dabiltzanak”. Horregaz batera, Bizkaiko Elikagaien Bankuaren eskuzabaltasuna ere eskertu ditu elkarteak.
“Emozioz betetako urtea” izan da igarotakoa Kate Sarearentzat, elkartera bertaratutakoen “mina, sufrimendua, segurtasunik eza, zailtasunak… hain gertu sentituta”. Horietatik guztietatik zerbait ikasi duela aitortu du elkarteak; hala, bizia errazten jarraitzea izango da aurrerantzean ere Bermeoko elkartearen xedea. Horretarako, “elkartartera bertaratu diren edota ez diren pertsona guztientzat” ateak zabalik izango dituztela jakinarazi dute.