
Astra Proiektuan parte hartu duten hainbat lagun
Astra okupatu zutenetik zortzi urte eta Astra proiektua martxan jarri zutenetik urtebete igaro denean, herritarren parte hartzea zoriondu du Astra Koordinadorak. Esan duenez, “ibilbide luze honetan milaka bilera, asanblea, jarduera, proiektu, energia… sortu dira Astraren inguruan. Urtez urte denon artean hartutako erabakiak betetzen joan direla ikusi ahal izan dugu, eta 12 hilabete hauetan Astra jardueraz gainezka egon da”. Hori dela eta, “modu batera edo bestera orain arte Astran parte hartu duten pertsona, elkarte eta eragile guztiak zoriondu nahi ditu Astra Koordinadorak. Gernika-Lumon herritar mugimendu bizia daukagu, eta mugimendu horren parte hartzeari eta konpromisioari esker egiten du aurrera Astrak! Zorionak danori!”.
Garai batean “utopia zena gaur egun inoiz baino errealagoa” dela deritzo koordinadorak, “etorkizuna ilusioz” ikusten duela nabarmenduz. “Hala ere, aurrera egiten dugun bakoitzean, atzera begiratzen ikasi dugu azken urteotan. Balorazioa, autokritika, ondo eta txarto egindakoak azpimarratzea eta egindako guztiaren berri ematea Astraren autogestioa hobetzeko tresna garrantzitsuak dira”.
Hari horretatik, datorren urtarrilaren 18an asanblea garrantzitsu bat egingo dutela esan du. Bertan, “hain oparoa izan den urteari buruzko balantzea” egingo dute, eta baita etorkizuneko erronkak erabaki ere.