Jabi Elortegi bermeotarra, lantokian
Sariak beti hartzen dira pozik. Hori dio, behintzat, Jabi Elortegi zine zuzendariak. Are gehiago bere herriko istorio bat azaltzeagatik sarituz gero, eta horrela izan da oraingoan. 1912an Kantauri itsasoa eta kostaldea kolpatu zituen galerna azaltzen duen dokumentalagatik jaso du 2013ko Lauaxeta Ikus-entzunezkoen Saria bermeotarrak, memoria historikoa berreskuratzen duelako. Hain zuzen,
Galerna: ekaitz ezezaguna da Bizkaiko Foru Aldundiak saritu duena.
Memoria berreskuratzeaz gain, sari horrek gertaerak gaur egunera arte utzitako arrastoa ere kontuan hartzen du, eta,
Galerna: ekaitz ezezaguna-k ez du horren zalantzarik uzten. Dokumental horrek biltzen duen euskara, gainera, ez da edozelakoa; izan ere, aktoreek Bermeoko hizkera darabilte, lehengo arrantzaleak bailitzan. Narratzaile eta off ahotsik ere ez du istorioak, eta horrek dokumentalari aberastasuna ematen diola deritzo bermeotarrak. Lauaxeta saria irabazi ezean ere, hautagaien artean egotea espero zuen Elortegik; izan ere, bere lanak «baldintza guztiak betetzen ditu», eta irabazteko «aproposa» zela uste du.
Dena den, ez da bere lanaren aitortza gisa jasotzen duen lehenengo saria. 2010ean, esaterako, Bermeon eman ohi duten Hegaluze Saria jaso zuen. «Aurreko urteetan egindako lana ahaztu barik azken urteetan egindako proiektuetan bermeotarra dela ahaztu ez duelako, herritarren ahoetan bere izena askotan entzun ahal izan delako eta berak ere herriarenganako sentsibilizazioa agertu duelako» eman zioten orduko hartan saria. Hala, film batean egindako lanagatik baino, bere pertsonari emandako sari hark asko poztu zuen zine zuzendaria.
Beste hainbat sari
Urte hori, gainera, «oso polita» eta izan zen bermeotarrarentzat, oihartzun handikoa. Donostiako Zinemaldian egoteko aukera ere izan zuen orduan. Hain justu, zuzendari berrien sailean lehiatu zen Elortegi, Zorion perfektua film luzeagaz.
Goenkaleko zuzendaria zenean, bestalde, beste sari bat jaso zuen Sevillan, eta
Go!azen telesailarengatik eta filmarengatik ere haurrentzako saiorik onenaren saria eman zion Telebistaren Akademiak (ATV). Lan horregatik, gainera, Rose D’or sarirako hautagai izendatu zuten (Europako telebistako sariak), nahiz eta saririk ez zuen lortu.
Oraingoan, esan legez, 1912ko galernaren istorioa kontatzeagatik saritu dute. Herrian beti entzun izan ohi duen gertaera da XX. mendekoa, eta 2012an 100. urteurrena zela aitzakia hartuta, orduko hartan gertatutakoa kontatzeko grina sentitu zuen. Hala, abuztuaren 12 hartan itsasoratutako kostaldeko txalupetan zihoazenek bizitakoa jaso zuen. Nola nabigatzen zuten, nolako ontziak itsasoratzen ziren, jendea nolakoa zen… eta askoz gehiago azaltzeko egin zuen dokumental hura. Batzuk biziraun egin zutela eta beste batzuk itsasoan hil zirela gogora ekartzen du dokumentalak, eta baita hildakoen hiletak ere. Alegia, egun hartan jazotako guztia ordubeteko dokumentalean laburbildu du Elortegik.
Oso hurbileko istorio bat dela aitortu du bermeotarrak; izan ere, aita eta aitona arrantzaleak zituen. Horregatik, «barru-barrutik» atera zaion lana da. Gainera, istorio polita dela deritzo, herritar gehienek gaur egunera arte ezagutu ez duten benetako istorioa.
Ezagutu edo ez, barru-barrura sartu den istorioa izan da 1912ko galernarena. Beldur eta errespetu handia zion Elortegik dokumental horri, batez ere, eraketa lana zegoelako atzean. Dena den, herritarren artean eragindako sentimenduek lana ondo egina zegoela erakutsi zioten zine zuzendariari. «Galernaren mendeurrenean estreinatu genuen, eta itsasoan urte asko igarotako arrantzaleak hunkituta ikustea oso esanguratsua izan zen niretzat», azaldu du. Telebistan ere igorri zuten, eta audientzia aldetik ondo joan zen. Egunkariekin batera ere asko saldu zen. Beraz, egindako beharragaz «pozik» geratu zen bermeotarra, eta, dirudienez, baita dokumentala ikusi dutenak ere.
Proiektu berriak
Orain, baina, aurrera begiratzeko sasoia da: proiektu berriei ekiteko garaia. Oraintsu aita izan dela aitortu du bermeotarrak, eta, dioenez, hori da bere proiekturik handiena.
Hala ere, zine zuzendari legez ere Jabi Elortegik badauka zer eginik; esaterako, Atotxako ikurriña ezkutua dokumentala egin berri du. Oraindik, baina, baditu zenbait egiteke: «Zinemako proiektu bat dugu buruan, baina zineko kontuak oso astiro doaz, eta, horrez gain, telebistarako saio bat ere badugu, urtarrilean hastea aurreikusten duguna».
Galerna: ekaitz ezezaguna dokumentalaren antzeko zerbait egitea ez du baztertzen; izan ere, zer kontatu badagoela deritzo. Dena den, gaur egun arazoa ekonomikoa dela adierazi du, «dirua lortzea ez baitago erraz». Hala ere, proiekturen bat edo beste baduela aitortu du, baina, «hobe ez esatea, bestela ez dira-eta aurrera ateratzen».
FILMOGRAFIA
Zuzendari legez
- 2013. 1983:Euskadi inundada dokumentala
- 2012. Galerna, ekaitz ezezaguna dokumentala
- 2009. Go!azen telesaila
- 2008. Zorion perfektua filma
- 2006-2007. Balbemendi telesaileko bi denboraldi
- 2005-2007. Goenkale telesaila
- 2005eko urtarriletik abuztura. Agitacion+iva telesaila
- 2004ko otsailetik abendura. Goenkale telesaila
Errealizadore legez
- 2002ko otsailetik 2004ko otsailera. Goenkale telesaila
- 2001eko urtarriletik 2002ko urtarrilera. Hasiberriak telesaila
- 1999ko ekainetik abendura. Señorio de Larrea telesaila
- 1998ko ekainetik abendura. Entre 2 fuegos telesaila
- 1998ko urtarriletik maiatzera. La transicion en Euskadi telesail dokumentala
- 1997ko irailetik abendura. Testigos de Cargo telesail dokumentala
- 1997ko martxotik abuztura. La Guerra Civil en Euskadi telesail dokumentala
- 1996ko irailetik 1997ko otsailera. Los Vascos y la navegacion telesail dokumentala
- 1996ko otsailetik irailera. Historia del futbol telesail dokumentala
- 1991ko urritik 1996ko abuztura. Egun bete-Camara 24 erreportajeak