
EH Bilduk joan den azaroan eman zuen zenbait zerbitzu publiko bihurtzeko erabakiaren berri
Busturialdeko Ur Partzuergoaren zenbait zerbitzu publiko bihurtzeko erabakiak desadostasunak sortu ditu eskualdeko alderdi politiko nagusien artean hasieratik. Lehen momentuan, Aquagesteko langileen egoera izan zen eztabaida gai nagusia, baina partzuergoaren batzorde exekutiboaren azken osoko bilkuran, lan poltsaren sorrerak eta kudeaketa ekonomikoak sortu dute zalaparta.
EAJk ohar bidez salatu duenez, ur partzuergoko zuzendaritza legez kanpo ari da jokatzen lan poltsa sortzeko prozesua abiaraziz. Izan ere, jeltzaleen ustez, “lan poltsarako deialdia egin baino lehenago, lanpostu horiek sortu behar dira”.
Iratxe Arriola partzuergoko presidenteak nabarmendu duenez, baina, ez dute legez kanpo jokatu. Dioenez, lan poltsa lanpostuak baino lehenago sortzeko erabakia legearen barruan dago. Arriolaren berbetan, “agian logikoagoa da lanpostuak lehenago sortzea, baina arrazoi on batengatik egin dugu alderantziz: hala eginez, lehiaketan parte hartu gura duten herritarrei erraztasunak eman nahi dizkiegu”. Aurretiaz ikasten joateko aukera izango dute interesatuek, eta prozesua azkarrago joatea ahalbidetu du partzuergoak.
Bestalde, EH Bilduren kudeaketa ekonomikoa ere kritikatu du EAJk. Jeltzaleek salatu dutenez, 2014rako “aurrekontu egitasmorik ez” dago, eta lanpostu publikoen gastuak ez dira kontuan hartzen. Hala, EH Bildu bere interes propioak lehenesten ari dela deritzote.
“Datu objetiboei erreparatuz gero, zenbakiak hobeto maneiatzen ditugu. Hala, EAJk lasai egon beharko luke, partzuergoa bideragarria izatea lortu baitugu bi urtetan”.
Arriola haserre azaldu da, EAJ demagogiaz jokatzen ari dela baiteritzo. “2014ko prebisioak eta kalkuluak eginda dauzkagu, eta urtarril aldera onartuko ditugu aurrekontuak”. Partzuergoko persidenteak dioenez, inoiz ere ez dira aurrekontuak urtea amaitu baino lehenago onartu, eta 2013a ez da salbuespena izango. Arriolaren berbetan, “EAJ lasai egon daiteke, etxeko lanak egin baititugu”. Salatu duenez, aurrekontuaren onarpena atzeratu behar izatearen arrazoia, EAJren oztopo lana da. Izan ere, alderdikeriaz jokatzen ari direla deritzo, datu guztien berri ematen ez duela iritzita.
“2,9 milioi euroko zuloa” zegoenean hartu zuen eskualdeko erakunde publikoaren gidaritza EH Bilduk, eta urte amaierarako “zor guztia” kitatzea lortuko du
Arriolak gogora ekarri duenez, EH Bilduk “2,9 milioi euroko zuloa” zegoenean hartu zuen eskualdeko erakunde publikoaren gidaritza, eta urte amaierarako “zor guztia” kitatzea lortuko du. Horrez gain, bestalde, 800.000 euro bideratu dituzte inbertsioetarako. Hala, “kudeaketa bikaina” egiten ari direla deritzo Arriolak. “Datu objetiboei erreparatuz gero, zenbakiak hobeto maneiatzen ditugu. Hala, EAJk lasai egon beharko luke, partzuergoa bideragarria izatea lortu baitugu bi urtetan”.
Ur partzuergoko presidentearen ustez, interes politikoagatik ari da mugitzen EAJ. Hala, eskualdearen ongizatea ez zaiela inporta kritikatu du koalizioko kideak.