Joan den bariku eta zapatuan Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka hartu zuen Bermeok, eta izandako arrakastagaz pozik agertu dira bertako saltzaile zein erosleak.
Udalak berak ere “positibotzat jo” du lehenengoz antolatutako ekimen hori; izan ere, egun horietan, “giro polita” sortu dela esan du Irune Ormaetxea Merkataritza eta Turismo zinegotziak, eta “kalitatezko produktuak” eskaini dituztela gaineratu du. Halaber, “jende asko bertaratu” dela ere adierazi du Ormaetxeak. “Jende askok esan digu horrelako ekimen gehiago antolatu behar direla Bermeoko plazan”, aitortu du zinegotziak.
Guztira, 30 saltoki baino gehiago izan dira bariku eta zapatuan Bermeoko merkatuan eta denetariko produktuak izan dituzte salgai; hala nola, arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, esne freskoa, sagardoa, txakolina, lorak, patea eta beste hainbat. Produktu horien salerosketaz gain, baina, izan du zer eskaini Gabonetako azokak.
Sukaldarien menu arrakastatsuak
Lanbide Hastapeneko sukaldariek, esaterako, menu ezberdinak prestatu eta salgai jarri dituzte; horrek “arrakasta berezia” izan duela azaldu du Ormaetxeak, “guztiak azkar saldu baitira”. Horrez gain, Erroxape abesbatzaren eta musika eskolako musika taldearen abestiez ere gozatzeko aukera izan da azokan, eta hori ere, “jendeari asko gustatu zaio”.
Herritarren artean,
Olentzero ere azokan izan da, “oso lanpetuta”, gainera; “ume asko izan direla euren eskutitzak eroatera azokara bertaratu direnak”.
Azoka egiten duten lehenengo urtea izanik,
hobetu beharreko gauzak badaudela dio Bermeoko Udalak; dena den, pozik da, euren helburuak bete direlako; alegia, “Bermeoko azoka sustatzeko pausuak eman dira eta itsasoko eta baserriko gure sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu da”.