Udalak, langileek, erakunde soziokulturalek eta auzotarrek gastu arrunta minimora murrizteko egin duten ahaleginak, udal pinudi baten salmentak eta Foru Aldundiaren laguntzak, bi urtetan udal zorra ia erdiraino murriztu dute.
Gastuak murrizteko
hainbat ekintza egin ditu udalak.
Hasteko, 2012 eta 2013 urteetan, herstura eta inbertsio politika eroan du aurrera.
Hondakin solidoen edukiontzi sistema berrian inbertsioa egin zuen udalak, eta Busturialdeko mankomunitatean integratu zen “hondakinen kudeaketa hobea lortzeko”. Horrela, hondakin bilketaren zerbitzuaren kostua murriztu dute. Bestetik,
argiztapen publikoan LED teknologiako bonbilak jartzean gastu energetikoa eta mantenu gastuak murriztu dituzte. “Argiztapen berriagaz urteko %70eko aurreztea aurrikusten da”, esan dute. Edukiontzi eta argiztapenetan egindako inbertsioak
Bizkaiko Foru Aldundiko Agenda 21 programaren laguntzekin egin dituzte inbertsioaren %80an.
Bestelakoan,
pinudi baten salmentagaz ere zorra murriztea lortu du udalak. Udalaren jabetzakoa zen pinudia saldu da 180.000 eurotan. Ostean, mendia birlandatzeko eta baso pistak mantentzeko 36.000 euroko inbertsioa egin da. Foru Aldundiak 36.000 euroko laguntza ere eman du zorra murrizteko.

Horrela, Gautegiz-Arteagako Udalak ez dauka erakunde publikoen kargurik, eta erakunde finantzarioekin
daukan zorra 443.000 eurora murriztu du.
Egungo udalak 2011n hasi zuen legegintzaldia 964.000 euroko zorpetzeagaz. Horietatik zati garrantzitsu bat ordainketen zain zeuden fakturei eta beste administrazioetako eta eskualdeko mankomunitateetako beharrizan eta zorrei zegozkien.
Udalak langileen, erakundeen, herritarren eta foru Aldundiaren laguntzen ahalegina eta ulertzea eskertu nahi izan du, eurei esker lortu dutelako zorpetzea ia erdiraino murriztea.