
Karmelo Landa, Lekeition egin zuten Libre egunaren aurkezpenean
Madrilen burutzen ari den makroepaiketaren oinarrian arrazoi politikoak daudela salatu dute berriro 35/02 sumarioko auzipetuek eta baita 26/11 sumariokoek ere. Karmelo Landa eatarrak azaldu duenez, 35/02 umarioan auzipetuta daudenen aurkako akusazioak «urtu» egin zaizkie. Hori dela eta, nputazio «berriak asmatzen» ari direla esan du. Bereziki herriko tabernak kriminalizatzen saiatu direla azpimarratu du, «helburu bakarraren bila», kultur elkarte horien konfiskazioa, hain zuzen.
Ostegun honetan hasi eta martxoaren 19ra arte, polizien deklarazioak izango dira, 24 saiotan. Hortaz, Landaren ustez, argi gelditu da «jarduera politikoak direla jazarriak izan direnak eta egun izaten ari direnak». «Arrazoi politiko eta soziala» irabazi dituztela dio eatarrak, eta arrazoi juridikoa ere irabaziko duten konfidantza osoa du. «Gure iritziz, aurkako sententzia egotea onartezina litzateke», azaldu dute.
Arazoa, «gazte guztiekin»
Gazte independentisten aurkako sumarioan auziperatuta dagoen Mikel Totorikak ere Landaren ildo beretik hitz egin du. Azaldu duenez, 26/11 sumarioaren epaiketari hiru fase baino ez zaizkio geratzen: akusazioaren zein defentsaren perituen deklarazioak, bi aldeen ondorioak eta akusatuen azkenengo hitza. Urtarrilaren 16, 17, 30 eta 31an burutuko litzateke guztia. Gogoratu duenez, auziperatuek, haien deklarazioetan, argi utzi zuten «arazoa ez dutela sigla batzuekin, baizik eta gazteria oso batekin», eta beren militantzia politikoa aldarrikatu dute. Hala, epaitegian behintzat, ezer gehiagorik esateko ez dutela dio Totorikak, eta nahikoa arrazoi politiko eta judizial dituztela 40 auzipetuak libre uzteko.
Bai Landak, eta baita Totorikak ere, Libre! dinamikaren baitan antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.