Gaur goizean 09:30ean ireki dute
Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka, eta herritarrak, erosleak, saltzaileak, udaleko hautetsiak… guztiak izan dira bertan; baita Olentzero ere. Horiek guztiek Baserri eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izan dute, Gabonetako argi eta apaingarri artean. Soinu berezia ere izan du azokak gaur, Gabonetako abestien artean abesbatzaren doinuek ere alaitu baitute inguru hori.
Bermeoko azoka kanpoan zein barruan jarri dituzte saltokiak, eta begiratzeko, erosteko zein dastatzeko aukera eman dute, guztira, 30 bat saltokik. arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arraultzak, esne freskoa, sagardoa, txakolina, lorak, gaztainak, ogia eta patea dituzte bertan salgai.
Txikitxoentzako ere leku erakargarri bihurtu daiteke azoka;
Olentzero ere azokako txokoetatik baitabil. Gainera, gaur 17:00etatik 20:00etara horientzako tailerrak ere egongo dira.
Bihar ere,
Gabon giro politean murgildutzeko aukera izango dute azokara bertaratzen direnek, 09:00etatik 15:00etara irekiko baitute azoka. Dena den, gaur arratsaldean ere zabalik izango da 17:00etatik 20:00etara.